Ez dute ilargia eskatzen, osasun zerbitzu publiko duinak besterik ez

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 13a

Osasun Sailak iaz hartutako konpromisoak ate atzean geratu direnez, Bidasoa Ospitaleko larrialdi pediatrikoak berreskuratzeko exijitu dute 3.000 lagunek gaur Irunen. Agintarien «kudeaketa kaxkarrak larrialdi zerbitzuak kolapsatzeko zorian» jarri dituela salatu dute. «Hasieratik gauzak gaizki egin dituzte, erabakiak gure iritzien kontra inposatu dizkigute», dio Xabi Vazquez ospitaleko larrialdietako medikuak. Profesionalak falta dira, eta orain arte medikuek «esfortzu bat» egin dute, baina «nekatuak eta motibaziorik gabe, askok ESI Bidasoatik ihes egitea» planteatzen dute irtenbide gisa. 

Beroagatik alerta horiak ez du osasun zerbitzu duinak aldarrikatzeko jende uholdea kikildu Bidasoaldean. Agintariek eguzkia nora, zapiak hara jo ohi duten bitartean, Irungo Zabaltza plazan gaur bildutako 3.000 lagunek argi dute osasun zerbitzuak publikoak eta duinak behar dutela. Ez dute ezinezkoa den zerbait eskatzen, azken 36 urteotan Osakidetzak Bidasoan eskaintzen zuen zerbitzua berreskuratzea baizik. 

Azken urteetan pilatutako lehen arreta, psikiatria, pediatria edota Oinaurreko anbulatorioaren aldarrikapenetako ohiko pankartekin batera, «bla, bla, bla...» ziotenak estreinatu dituzte oraingoan. Izan ere, urtebete baino gehiago igaro da Bidasoa Ospitaleko pediatriako larrialdiak itxi zituztenetik. Eta Osasun Bidasoa plataformak salatzen duenez, 2025eko apirilaren 14 hartatik larrialdi zerbitzuek okerrera egin dute, kolapsatzeko zorian jartzeraino. 

Horren ordez, Irungo Erdialdeko Etengabeko Arreta Gunea indartuko zuela agindu zuen, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 22:00etara pediatra batekin, eta larunbatetan eta jaiegunetan 09:00etatik 22:00etara. Era berean, osasun etxeetako pediatria-arretaren ordutegia lanegun guztietan 17:00etara arte luzatuko zela iragarri zuten, baina «promesa horietako bat ere ez da bete».

Alderantziz, osasun profesionalek salatzen dutenez, sei hilabete baino gehiagoz pediatria arreta minimoetan egon zen profesional faltagatik. Izan ere, lan-karga handia eta prekarioan daudenez, Bidasoko pediatra gehienek beste eskualdeetako osasun-zentroetara ihes egiten dute. Eta Bidasoko ospitaleko larrialdietan ere, berdin.

Medikuen penuriak eta esfortzuak

Irungo Erdialdeko anbulatorioko 19 profesionaletatik 17k, eta ospitaleko larrialdi-zerbitzuko 22 medikuetatik 17k izenpetu dute, haien nekea eta motibazio falta eragin duen kudeaketa txarra salatzeko oharra. Xabier Vazquez da Bidasoko ospitaleko larrialdietako mediku horietariko bat. Larrialdi pediatrikoak itxi zituztenetik  egoerak progresiboki okerrera egin duela dio «domino efektua» bezala. «Erdiguneko medikuen lan bolumena kristona igo da, mediku gutxiagorekin paziente gehiago artatu behar dituzte, eta haien atzetik gu goaz», dio goibel. 

Irungo Zabaltza plazan 3.000 lagun inguru elkartu dira gaur osasun zerbitzu publikoen alde. 

Osasun agintarien aurreikuspen falta salatzen du medikuak. «Hasieratik gauzak gaizki egin dituzte, berrantolaketa eta eredu berria inposatu dute, erabakiak gure iritzien kontra hartu dituzte», azpimarratzen du Xabi Vazquezek. Baina aurreikuspen falta atzetik aspaldian datorrela pentsatzen du. Izan ere, Bidasoa Ospitaleko larrialdietan berez egunez 5 eta gauez 2 medikuk osatu beharko lituzkete lan-txandak, baina gutxiagorekin eta lanordu gehigarriak eginez betetzen dituzte hutsuneak. «Bost beharrean askotan hiru mediku gaude, medikuak falta dira, bajak eta lan-murrizketak ez dira ordezkatzen, eta osasun langile askok Gipuzkoako beste eskualde batzuetara joatea erabakitzen dute», argi du. 

ESI Bidasoko ihesaldiaz ohartarazi izan du Osasun Bidasoa plataformak behin baino gehiagotan anbulatorioetan zein espezialista mailan ere. Eta larrialdietako estres mailarekin errepikatu egiten da. «Jendeak alde egitea erabakitzen du, beste eskualde batzuetan baldintza hobeagoak baldin badituzte, guk pasatzen ditugun penuriak ez pasatzeko», aitortzen du Vazquezek, izan ere, «esfortzu bat egin dezakezu une puntual batean, baina egoera konponbiderik ez duela ikusten duzunean, nekatzen du, jendeak amore ematen du». Medikuek aitortu dute «ezintasuna eta higadura fisiko eta emozional handia» jasaten dutela, eta beraz, gero eta zailagoa zaiela zerbitzua baldintza hauetan mantentzea. «Askok zerbitzua uztea planteatzen dute irtenbide posible bezala». Eta horrenbestez, zerbitzua kolapsatzeko zorian dago.

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea

Urteetako aurreikuspen falta eta zuzendaritza berriaren kudeaketa desegokia salatzen duten bitartean, Pedro Morrondo ESI Bidasoko gerente berriak osasun zerbitzuan arazoak dituztela aitortu du, baina denbora beharko duela zuzentzeko. Irungo eta Hondarribiko alkateek urteak daramatzate Osasun Sailarekin bilerak egiten, eta haiei ere aditzera ematen dizkieten konpromisoak betetzea kostatzen ari dela pentsatzen du Igor Enparan Hondarribiko alkateak. «Zerbitzu duina mantentzeko badirudi aldarrikatu egin behar dugula, penagarria da azkeneko urteetan Bidasoan osasungintza kezka iturri bat izan delako, orain larrialdiez ari garen bezala, pediatria, osasun mentala... izan ditugu, eta Irungo Erdiguneko egoerarekin denak kezkatzen gara bertara joaten garenean, egoera oso kaxkarra delako», salatu du alkateak Antxeta Irratiko mikrofonoan. 

Hala ere, azken urteetako aldarrikapenei erantzunez, inbertsioak egiten hasi direla ohartu da Enparan. Aurten, adibidez, ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko lanekin. Baina alkateak argi du urte luzeetako gabeziek eragin dutela gaur egungo egoera, eta epe luzerako inbertsioez gain, osasun zerbitzu publikoak Bidasoan salbuespen egoera bizi duenez, egoera zuzendu nahi bada, aparteko neurriak beharko direla. «Borondatea badagoela adierazten zaigu, gertatzen dena da bi hamarkada osoz ez dela inbertsiorik egin, eta orain jarriko dituzten neurrien emaitzak hemendik 10 urtetara ikusiko ditugula», dio Igor Enparanek, egoera zuzentzeko ahalegin handiagoak eskatuz, «epe laburrean neurri bereziak hartzea behar dugu, galera bat bizitzen ari gara, eskualdean bagenituelako osasun zerbitzu duinak, eta orain ez ditugu, beraz neurri bereziak behar ditugu genituen oinarrizko oinarrizko horiek berreskuratzeko».

Osasun Bidasoa plataformak mobilizazio gehiago iragarri ditu, martxoan osasun-etxeetako atarietan egindakoetan bezala, larrialdi pediatrikoak berreskuratu arte ez baitute amore emango. Hala ere, uda dator, eta egoera honetan egin beharko diote aurre turismoaren bultzadak eskualdera dakarren paziente gehigarriari ere. Baina larrialdietan ez ezik, urteotan guztiotan okerrera egin duten gainerako osasun zerbitzuetan ere, ez dute gauzak hobera egin.