Joan den astelehenean Irungo udaletxea ordu laurden batez okupatu ondoren, gaur Txingudiko Zerbitzuek Irungo Junkal kalean duten bezeroentzako harrera bulegoa okupatu dute. Bost hilabeteko grebaldi honetan, ohikoak izan dira grebalariek Erromes plaza aldameneko egoitza honen atarian egindako elkarretaratzeak. Baina gaur 10:00etan bulego barrenera eraman dituzte haien aldarrikapen, eskuorrien jaurtiketa eta sirena hotsak. «Equiparacion sin discriminacion» eta «¡Cristina mojate!» lelopean ordu erdi luze eman dute bertan.
Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako zuzendariak helarazi dien azken proposamena «kazikeria ikaragarria» dela salatzen du greba komiteak. Izan ere, maiatzaren 5ean ontzat eman zuten 2029 urterako Irungo udal langileen baldintzetara ekiparazioa, baina ez zuten akordio itxi. Izan ere, gaixo diren langileei produktibitateari lotutako klausula eritasun zehatz batzuetan soilik kontuan hartu nahi du zuzendaritzak.
Alaitz Egiazabal ELA sindikatuko ordezkariak dioenez, langileek soldataren %10 kobratzen duten ala ez txosten medikua aurkeztearekin ez da nahikoa izango, zuzendariak gaixotasun aski larria ote den baloratzea proposatzen dute, eta «hori ez dugu ez bizitza honetan, ezta mila bizitzatan ere onartuko», segurtatzen du. Grebalarien haserrea piztu du zuzendaritzaren jarrera, azken proposamen hori egiteko ia sei aste eman dituela ikusita, eta «legez kanpokoa eta moral eta etikoki salagarria» dela deritzo Egiazabalek.
Lan gatazka bideratuta eta akordio hurbil zegoela zirudien maiatzaren 5ean. Baina joan den asteaz geroztik grebalariek mobilizazioak indartu egin dituzte. Gaurko Txingudiko Zerbitzuetako harrera bulegoa ordu erdiz okupatu dute, eta Ertzaintzaren bi patruila hurbildu badira ere, ez tentsio unerik bizi izan. Astelehenean, aldiz, Irungo udaletxeko okupazioan grebalari bat identifikatu zuten ertzainek egindako desalojoan.