Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo aditzera eman zuenez, Hondarribia eta Irun Donostiako Ospitalearekin lotzen duen E29 linearen ordutegia 10 minutuz aurreratuko dute irailaren 14tik aurrera. Aurrerantzean, Hondarribitik eta Donostiako Ospitaletik egingo dituzten irteerak hamar minutuz aurreratuko dituzte, Hondarribitik 14:00etan eta 21:00etan, eta Donostiatik 13:15ean eta 20:15ean ateratzen direnetan. Horrela, ospitaleko langileek aukera izango dute euren sarrera eta irteera ordutegietara egokitzeko, baita garaiz iristeko ere.
Azahara Dominguez Mugikortasunerako diputatuak azaldu duenez, osasun langileekin eta Igor Enparan eta Cristina Laborda, Hondarribiko eta Irungo alkateekin egindako bileran jasotako eskaera izan da honakoa. «Mugikortasuna hobetzeko malgutasunez jokatu behar da, eta herritarren beharrei erantzuteko entzuketa aktiboa ezinbestekoa da», azpimarratu du foru diputatuak.
Gogoratu beharra dago, E29 linea, Hondarribia eta Irundik Donostiako ospitale-eremura eta Miramongo Parke Teknologikora joateko E29 autobus linea berriak hilabetero 10.000 bidaiari baino gehiago jaso zituela 2026ko lehen seihilekoan. Eta urtean 120.800 bidaiari. Irungo Auzo Elkarteen Federazioaren eta Osakidetzako osasun-langileen eskaerak benetako behar bati erantzuten diola frogatuta, eta zerbitzua indartzea erabaki zuten iaz.
Autobus zerbitzu hau 2025eko ekainaren 20an jarri zuten martxan eskualdeko aldarrikapen historiko bati erantzunez. Astelehenetik ostiralera lotzen ditu Hondarribia eta Irun Donostiako ospitalea eta Miramongo parke teknologikoarekin. Eta zerbitzua abian jarri aurretik, foru diputatuak Irungo eta Hondarribiko alkateekin, eta Bidasoa Eskualdeko Minbiziaren Aurkako Elkarteko, Irungo Auzo Elkarteen Federazioko, Makila elkarteko eta Osakidetzako langileen ordezkari sindikalekin udaberrian egindako bileran adostu zuten bezala, ospitaleko erabiltzaile zein osasun-zentroko eta Miramongo langileekin pentsatutako zerbitzua da.