Bidasotarren «aldarrikapen historiko» bati erantzuten dion E29 autobus lineak beharrezkoa zela frogatu du martxan jarri eta urtebetean. Lurraldebusek 2025eko ekainaren 20an abian jarri zuen zerbitzua, eta 120.800 bidaiari eraman ditu Hondarribia eta Irundik Donostiako ospitale-eremura eta Miramongo Parke Teknologikora. Gogoan hartu behar da, Irungo Auzo Elkarteen Federazioak eta Osakidetzako osasun langileek eskatuta, eta Irungo zein Hondarribiko udal ordezkariek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin esku-hartu ondoren, bereziki Bidasoa ospitaleko obrak eta kanpo-kontsulten beharrak bultzatuta erabaki zuten zerbitzu berria eskaintzea.
Bidasoko herritarrek urteak baitzeramaten Donostiako ospitalera zuzenean joan ahal izateko zerbitzu hau eskatzen. Eta azken urteetan, Bidasoko ospitalean desagertu diren hainbat espezialitate kontuan hartuta, geroz eta behar handiagoa zegoen. Lurraldebusek, Gipuzkoako Foru Aldundiak kontzesio berrian aurreikusita bazuen ere, Irun eta Hondarribiko udalek adierazitako beharrari erantzunez E29 linea abian jarri zuten, astelehenetik ostiralera 07:00etatik 21:00etara, Hondarribitik, eta 08:15etik 22:15era, Donostiatik. Alde horretatik, E29 lineak Donostiako Ospitalera eta Miramongo Parke Teknologikora joateko aukera ematen du Irundik eta Hondarribitik, Donostibus eta bestelako trasbordorik egin gabe.
Haatik, lehen hilabeteetako martxa ona baieztatu ondoren, Donostiako Ospitaleko langileek egindako eskaerari erantzunez, joan den abenduaren 1etik aurrera, goizeko lehen zerbitzua hamar minutu aurreratzea erabaki zuten, eta Hondarribitik 7:00etan abiatu ordez, 6:50etan ateratzen bitartean, 14:10ekoa ere 14:00etara aurreratu zuten langileek lan-txanda aldaketara garaiz iristea bermatzeko. Era berean, 8:10etik 17:10era orduero zerbitzu bat dago, eta autobus bana gehiago 19:10ean eta 21:00etan.
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak dioenez, aldundiaren helburua da «gipuzkoar bakar batek ere ibilgailu pribaturik eduki behar ez dezan bere bizitza garatu ahal izateko». Eta bistan denez, ospitaleko erabiltzaile zein osasun langileez gain, Miramonen lan egiten duten bidasotarrek ondo aprobetxatu dute aukera.
Garraioren eraldaketa Bidasoan
Alde horretatik, Foru diputatuaren arabera, E29 lineak jaso dituen 120.000 erabiltzaileen kopurua «datu positiboa da, eta, gainera, aurten erabilerak etengabe gora egin duela erakusten du, linea Bidasoaldean sendotzen ari denaren adierazgarri». Zehazki, lehen urte honetan E29 lineak guztira 120.800 bidaia egin ditu; horietatik 67.155 Donostiarantz izan dira, eta 53.645 Donostiatik abiatu dira.
Hilabetez hilabeteko erabilera datuei dagokienez, foru diputatuak nabarmendu du «linearen erabilera sendotzeko joera argia» antzematen dela. Ekainean, martxan egon zen lehen hamar egunetan 1.651 bidaia erregistratu ziren bitartean, uztailean eta abuztuan 7.000 bidaia baino gehiago izan ziren, eta irailean 10.000ko langa gainditu zuen. Urrian 11.000 bidaia lortu ziren, eta azarotik abendura bitartean 9.000 bidaiarien bueltan egonkortu egin zen E29 autobus linea. 2026ko lehen sei hilekoan, berriz, otsailean 10.705 bidaiari izan ziren, eta ordutik aurrera, hilabete bakar batean ere ez da 10.000 bidaiatik jaitsi. Martxoan eta maiatzean 11.000 baino gehiago izan ziren, eta ekainean 12.000ra iritsi zen.
Datuak kontuan hartuta, herritarrek eskatutakoari erantzun eta funtsezko zerbitzua bilakatu delakoan dago Azahara Dominguez. «Entzute aktiboa neurri zehatz eta ukigarri bihurtzen denean herritarrek erantzun egiten dute», adierazi du foru diputatuak Irungo udaletxean egindako baloraziorako agerraldian. Eta herritar eta eragileen beharrak argitu eta elkarlanean aztertzen jarraitzeko konpromisoa hartu du.
Zentzu horretan, azken urteetan Lurraldebusek Bidasoaldeko herritarrei eskaintzen dien zerbitzuan «benetako eraldaketa» eman dela azpimarratu du. Izan ere, 2025ean E29 linea berria abian jartzeaz gain, Hondarribiko aireportua Donostiarekin lotura zuzena eskaintzen duen E30 zerbitzua 2024tik martxan dago datu honekin. Etahasieran udako zerbitzua izatetik, urte osora zabaldu berri dute aurten. Hortaz gain, Irun eta Hondarribia arteko gaueko zerbitzuak asteko egun guztietara zabaldu dute, ostalaritzako langileek etxera itzuli ahal izateko, eta gaueko tarifa baliogabe utzi dutela gogoratu du Dominguezek. Eta aurten Hondarribiko Udalak martxan jarri duen hiri-autobusa MUGI sisteman integratu egin dute. «Azken batean, aukera-berdintasun handiagoa sortzen duen eta pertsona guztientzat kohesionatuagoa den garraio-sistema bat eraikitzen ari gara», adierazi du diputatuak.