Bidasoaldean MUGI txartela eta bizikleta erdigunean jarri nahi ditu Foru Aldundiak igandean Mugikortasun Astearen ekimenetan

Antxeta Irratia

Gipuzkoako Foru Aldundiak bizikletak dohainik konpontzeko tailer ibiltaria ekarriko du Irun eta Hondarribira irailaren 20an. Mugikortasun Astearen baitan antolatutako ekimenekin bat eginez, Gipuzkoa mailako kanpaina eta MUGI sistema protagonista duen  'Misterioa Topo Express' ihes-jokoa ere antolatuko dute, bizikletak eta MUGI txartela kargatzeko 20 euroko bonuen zozketekin batera. 

Irailaren 16tik 22ra ospatzen den Mugikortasunaren Europako Astearekin eskualdean antolatutako ekimenekin bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Egunotan egingo diren jarduera, hitzaldi eta mugikortasun jasangarria sustatzeko ekimenez harago, irailaren 20an ospatuko dituzte Irunen eta Hondarribian hitzordu nagusiak. Eta Azahara Dominguez arloko foru diputatuak azaldu duenez, Gipuzkoan zehar herriz-herri proposatutako jarduerak Bidasoaldean ere antolatuko dituzte.

Berritasun gisa, MUGI sistema protagonista duen  'Misterioa Topo Express' ihes-jokoa antolatuko dute, eta garraio publikoa erabiltzera modu ludiko batean animatzeaz gain, bizikletaren erabilera sustatzeko ere, txirrindak dohainik konpontzeko furgoneta-tailer ibiltaria izango da igandean bidasotarren eskura.

Iragarri dutenez, Irungo Zabaltza plazan 10:30etik 14:00etara Txingudiko Zerbitzuek antolatu duten Merka2dasoa bigarren eskuko bizikleta eta patineteen salmentarako azoka gunean jarriko dute. Eta Hondarribian, aldiz, 16:00etatik 20:00etara Bretxa kalean. Foru Aldundiak hainbat zozketa egingo ditu Gipuzkoan zehar tailerra erabiltzen duten pertsonen artean. Batetik, bi bizikleta, eta bestetik MUGI txartela kartzeko 20 euroko 60 bonu zozkatuko dituzte.

Irailaren 20an bizikleta protagonista

Gainerakoan, Hondarribiko Udalak Balazta elkartearekin elkarlanean antolatuta, Bizikleta martxa eta auzo jaia egingo dute Mendelun irailaren 20an. Urteroko hitzordua 10:30ean abiatuko da martxa Gernikako Arbola plazatik eta Mendelun bukatuko dute ibilbidea. Bertan, festa izango da, dj-ak, puzgarriak, aurpegi margoketak, jokoak eta beste hainbat jarduerekin.

Irunen, aldiz, Zabaltza plazan antolatutako azokaren gunetik abiatuta, Plaiaundiko natur parkeraino joango den familientzako martxa antolatu dute 11:00etan, eta han hainbat jarduera eta jolas proposatuko dituzte.