‘Tokiko elikadura sistemak: zer dira eta nola eragin Baztan-Bidasoan’ urriaren 3an Donezteben

Lizar Elexpuru

Tokiko erakunde, eragile eta norbanakoei zuzendutako jardunaldiak eskainiko dituzte larunbata honetan Donezteben. Elikadura burujabetzarantz bideratutako pausoak partekatuko dituzte solasaldien bidez. Izen emateko epea irekia da urriaren 1a bitarte. 

Baztan-Bidasoa eskualdean tokiko elikadura sistema indartzeko eta eskualde mailako hausnarketa bat garatzeko asmoz antolatu dute ekimena. Tokiko nekazaritza-sistemak indartzeaz gain, eskualdeari gertuko, kalitatezko eta iraunkorra den elikadura bat eskaintzea du helburu. Tokian tokiko elikadura sistemak eraiki, garatu eta indartzeko estrategiekin bat eginen dute bertaratutakoek. 

Arlo desberdinetatik tokiko elikaduraren alde 

Itsasne Mendiberrik, Baztan-Bidasoako elikadura dinamizatzaileak azaldu duenaren arabera «elikadurak arlo anitz ukitzen ditu, leku anitzetatik lan egiten ahal da tokiko elikadura iraunkor baten alde». Azken lau urteetan Bortziriak, Malerreka eta Bertizaranan elikadura dinamizatzaile gisa Baztan-Bidasoa elikadura proiektua garatu du Itsasne Mendiberrik eta jada, gai desberdinak jorratzeko aukera izan du eragile eta udalekin elkarlanean. 

  • ekoizleekin batera sortutako proiektuak.
  •  aholkularitza zerbitzuak.
  • formakuntzak.
  • Doneztebe eta Berako haur eskoletako jantokietako menuak aldatu menu osasuntsu eta iraunkorrago batera. 

Horrelako dinamikak gorpuztu dituzte udalek elikadura dinamizatzailearen sostenguaz. Hala ere, Mendiberrik oroitarazi du «lau urtetan lan handia» egin dela, baina ez dela «sobera hausnarketa eta esperientzia zabaldu herritarrengana». Horrela, herritarrei zabaldutako jardunaldiak antolatzea pentsatu zuten arrazoi ugariren artean, «bertze esperientzia batzuk zabaltzeko eta inguruetan zer egiten den ikusteko». Itsasne Mendiberriren arabera «inspiragarriak izaten ahal dira gure inguruetara ekartzeko».

Aipatu moduan, herritarrak hurbiltzeko asmoa izanen dute jardunaldiek, hala ere, elikadura dinamizatzaileak aitortu digu herritar gisa  «elikadurarekin zerikusia daukan eragile» oro ere ulertzen dutela.

 EGITARAUA (9:00-13:30) 

Doneztebe, Galbaraialde eraikina. Leitzako bidea, 5

  • Harrera eta ongi etorria  
  • 1. zatia.

- Erronka globalen aurrean Tokiko elikadura sarea ehuntzen. Miren Begiristain Zubillaga. Ekonomialaria. UPV/EHUko irakaslea eta agroekologian ikertzailea. Biolurreko koordinazio taldeko kidea. 

- Nola eragin udaletatik? Tokiko elikadura politikak. Lorea Lizarreta Insausti. Baztango udaleko Landa garapeneko eta tokiko ekonomiako zinegotzia.

- Oiartzun Burujabe egitasmoko elikadura mahaia. Ibon Mitxelena Fernandez. Oiartzungo burujabetza eta ekonomia sozialeko zinegotzia.

  1. Hamaiketakoa bertako produktuekin.
  2. 2. zatia.

- Elikadura arloko ekimen zehatzen mahai-ingurua: ekoizpenetik kontsumora. 

  • Jardunaldien itxiera.  

Azken urteetako aitzin pausuak

Lau urte pasa dira Baztan-Bidasoa elikadura proiektua hasi zutenetik. Mendiberrik dio «proiektua ezagutarazten» ari dela eta «proposamenak egiteko erreferentziazko puntu bat» bilakatu dela. Proiektu honen eskutik adibidez Xardango sortu zuten, Bortziri, Malerreka eta Bertizaranako Ekoizle Elkartea. «Lorpen positiboa» dela aitortu digu, orain «elkarte hau bere gisa antolatzen ari da, ekimenak martxan jartzen». 

Eskolekin ere hartu emana izan du Mendiberrik eta fruituak eman ditu elkarlanak: Lurretik Ikasiz elkartearen sorrerarekin. Baztan-Bidasoako zazpi ekoizle batzen dira, eta bisitak eskaintzen dituzte beraien ekoizpen proiektuetara, eskualdeko eskolei bideratuta.

Ekoizpena, erronka nagusia

Aitzin pausu positiboak sumatu dira beraz Baztan-Bidasoan. Hala ere, erronka ugari gainditzeko asmoa ere dauka Mendiberrik. Erronka nagusiena «ekoizpena handitzea» dela pentsatzen du Baztan-Bidasoako elikadura dinamizatzaileak. 

«Kontsumo aldetik bada interes bat tokiko elikagaiak kontsumitze aldera, bai kontsumitzaile partikularren aldetik baita kolektiboen aldetik ere. Baina sumatzen da ekoizpena falta dela. Batez ere barazki eta frutarena, orokortasun batetik erranda». 

Honen harira, Mendiberrik oroitarazi du ekoizle gehiago izatea nahiko dugula, baina ez dugula ahantzi behar «nekazarien duintasuna» bermatu behar dela. 

Udalekin harremana

Itsasne Mendiberri Jaurena Cederna Garalur enpresako langilea da baina eskualdeko udalekin egiten du lan. Baztandarrak aitortu digu «udaletik gauza anitz egiten ahal direla eta egiten ari direla». 

Nekazaritzaz ari garenean ulertzen dugu Nafarroako Gobernuak arautzen duela egoera, edo kanpora begira, Europak esku-hartze nabarmena egiten duela; hala ere, Itsasne Mendiberrik badaki udaletatik  gauza anitz egiten ahal direla: 

  • Erosketa publikoak: udalak erabakitzen ahal du eskola batean ze produktu mota sartu. 
  • Eguneroko gauza txikiak: jardunaldien kasuan adibidez,  hamaiketakoan kontuan hartu zein den eskaintzen den janaria. 
  • Nekazaritzari bideratutako lurrak eskuragarri jarri.
  • Aurrekontuak bideratu honekiko formakuntzak eskaintzeko.

Labur.eus/elikadurajardunaldiak-en egin daiteke izen ematea.