Tarteka euripean, baina bizitza aurrera ateratzeko egunerokoan etxebizitza duin baten aterpea denentzako eskuragarri izan dadin aldarrikatu dute gaur Irungo kaleetan. "Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!" aldarriarekin, LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebitiza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ez ezik, Ikama ikasleen antolakundeak edota GKS ere batu dira. Eta 18:00etan Zubimuxu biribilgunetik abiatu ondoren, Txingudiko Pentsionisten Plataformako kideak Txanaleta plazan elkartu dira.
Manifestazioan elkartutako 2.500 partaideen artean eskualdeko indar politiko ezkertiarren ordezkaritza izan da, modu partikularrean manifestatu badira ere. Irungo EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak batetik, eta Hondarribiko EH Bildu eta Abotsanitzeko kideak ere, Igor Enparan alkatea barne.
Goizeko mobilizazioen eta sektore ezberdinetan izandako grebaren jarraipenaz harago, 18:00etan Zubimuxu biribilgunetik San Juan plazaraino bidasotarrek "indar erakustaldia" egin dutelakoan dago Bidasoko Greba Batzordea.