Greba orokorra: Bidasoan ere etxebizitza politika berriak borrokatzeko eguna

Antxeta Irratia

Hezkuntzan irakasleen %70 inguruk egin du greba eskualdean, eta osasun-langileen artean %30 ingurukoa izan da jarraipena. Goizeko pikete informatibo eta autokarabanen ondorioz, autolerroak sortu dira Amuten eta Jaitzubian eskualdetik Gipuzkoa aldera joateko, baina poliziak zirkulazioa bideratzeko esku-hartu du. Garraio publikoan %30eko gutxieneko zerbitzuak bermatu dituzte, baina autobus asko ia hutsik ibili dira. Goiza istilu handirik gabe pasa bada ere, higiezin-agentzien eta banketxeen kontrako pintaketa ugari egin dituzte, eta Lurraldebusek BI05 linea eten egin behar izan du Urdanibia plazan kale-ekintza baten ondorioz. Arratsaldean (18:00) Zubimuxuko biribilgunetik San Juan plazaraino manifestatzera deitu du Bidasoko Greba Batzordeak.

Bidasoko Greba Batzordeak azaroaren 11ko greba orokor egun honetan egindako «kaleak hartzeko» deialdiak jarraipen zabala izaten ari du lantokietan. "Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!" aldarriarekin, deialdiak jarraipen zabala izango duelakoan daude lan arloko sindikatuek zein deialdia luzatu duten etxebizitza sindikatuek ere. Izan ere, «badago alde nabarmen bat gainontzeko grebekin, herritarrek etxebizitzaren arazoarekin duten atsekabe orokor batetik abiatuta sortu dela greba orokor hau».
 
LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebitiza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak adierazi dute parte hartze handia izan dela azken asteetan fabriketan eta ikastetxeetan egindako batzarretan. Guztira, Hego Euskal Herrian 240 eragile eta mugimendu sozial baino gehiago atxiki zaizkio lanuzte orokorrari. Gure eskualdean baita hainbat auzo elkartek ere. Izan ere, deitzaileen arabera, gazteak ez ezik, familiak eta kolektibo asko dira arazo honekin hunkituak. Eta kezka hori argi islatu da Soziometroaren azken emaitzetan. Horren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren %57arentzat etxebizitza da arazo larriena, lan merkatuaren (%47) eta osasungintzaren (%26) aurretik.
 
 
Gaurko mobilizazioetan etxebizitza sindikatuek Hondarribian dauden pisu turistikoen auzia salatzeko ekintzak egin dituzte herrian. Halako 145 VT erregistratuak baitaude herrian, eta Antxeta Irratiak goizean egindako irratsaio berezian azpimarratu dutenez «herrian bakarrik bizitzea ezinezkoa da, 1.000 eurotik gorakoak dira alokairu guztiak, eta sarritan udan etxea hustu behar da, Airbnb bezalako plataformetan etekin handiagoa ateratzen dutelako».
 
Gogoan hartu  behar da, Hondarribian, 16.960 biztanle dituen herrian, 1.680 pertsona daudela Etxebiden babes publikoko etxebizitza eskatzaile bezala izena emanda. Irunen (64.5000 biztanle), aldiz, 3.200 inguru unitate familiar inguru daude egoera berean Irunvi etxebizitzarako sozietate publikoaren zerrendatan.
 
Autokarabana eta pikete informatiboak
 
Hau guztia kontuan hartuta, «etxebizitza merkatua gizartearen beharren arabera arautzeko beharra» aldarrikatzearekin batera, lan baldintza duinak aldarri dituen greba orokorrarekin antolatutako mobilizazioak goizeko 6:30ean hasi dituzte piketelariek Irunen (Gal Stadiumetik abiatuta) eta 7:00tan Hondarribian (Eroskiko aparkalekutik). Eskualdeko errepide-sarea oztopatzeko helburuarekin autokarabanak egin dituzte, eta Ertzaintzak zirkulazioa blokeatuz gero esku-hartuko zuela jakinarazi dienez, autokarabana gelditu gabe ibili dira, martxan, baina zirkulazioa motelduz.
 

Goizeko 7:30ak aldera autolerroak sortu dira Hondarribitik ateratzeko Amuteko zubian, baita Jaitzubian GI-636 errepidean Bidasoko Ospitaleko biribilgunean ere, Ertzaintzak esku-hartu duen arte. Piketelariek aditzera eman dutenez, poliziaren presentzia nabarmena izan da goizean goizetik, eta autolerroak eragin badira ere, «ohikoa baino trafiko askoz ere gutxiago sumatu da gaur».
 
Alde horretatik, baina goizean greba orokorraren presentzia errepideetan ezinbestekotzat jotzen zuten sindikatuek. Izan ere, Hondarribian bizi diren 7.880 herritar langileetatik %26,36ak (2.077) besterik ez du herrian lan egiten, eta beste %73ak udalerritik kanpo lan egiten du. Era berean, Irungo 28.044 langileen %59ak Irun ez beste udalerri batean du lantokia gaur egun. Beraz, grebaren deitzaileentzat goizeko zirkulazioan eragitea giltzarri da. Hala ere, esan bezala, ohikoa baino trafiko nabarmen gutxiago izan da gaur.
 
 
Goiza istilu handirik gabe pasa bada ere, higiezin-agentzia eta banketxeen kontrako pintaketa ugari egin dituzte, eta Lurraldebusek BI05 linea eten egin behar izan du Irungo Urdanibia plazan kale ekintza baten ondorioz.
 
 
Gogoratu behar da, Lurraldebus, Irunbus, RENFEk eta Euskotrenek Eusko Jaurlaritzak agindutako gutxieneko %30eko zerbitzuak bermatu dituztela,  baina Hondarribia-Irun eta Bidasoaldetik Donostiara joateko Lurraldebus autobusak hutsik edo bidaiari gutxirekin ibili dira goiz osoan zehar, Donostiako Ospitalekoa izan ezik. Kasu horretan, osasun-langile askok erabiltzen duten zerbitzua da.
 
Grebaren jarraipena eskualdean
 
Osasungintzan, hain justu, grebak batik bat Lehen Arreta Zentroetan eragina izan du Bidasoaldean. Gogoan hartu behar baita, Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxiengo zerbitzuak agindu dituela larrialdietan. Antxeta Irratiak bildutako datuen arabera, Hondarribiko Itsas Etxeko osasun-zentroan gaur ez da pediatria zerbitzurik eman, medikuek eta erizainek greba egin dutelako. Era berean, helduen arretarako bi erizainek greba egin dute, eta gripearen txertaketa kanpainan ere eragin du, horren ardura duen erizainak ez duelako lan egin. 
 
Irungo Dunboako anbulatorioan, aldiz, goizeko txandan, administrazioan %33koa izan da jarraipena, eta pediatria zein erizaintzan grebalaririk izan ez den bitartean, Lehen Arreta Zerbitzun goizeko txandako 9 medikutik 5ek greba egin dute. Irungo Erdiguneko osasun-zentroan apalagoa izan da grebaren jarraipena, goizeko txandan Lehen Arretan laneko ziren 12tik erizain eta mediku bana beterik ez dute greba egin. 
 
Bestalde, hezkuntzan jarraipen nabarmena izaten ari da Irunen eta Hondarribian greba orokorrak. Pio Baroja institutua itxita dago gaur, eta 3. eta 4. DBHko ikasleen gehiengoak greba egin du. Txingudi BHIn, adibidez, ikasleen %5a baizik ez da eskolara joan, eta irakasle eta langileen %76ak greba egin du. Txingudi Ikastolako HH-LH zentroan, aldiz, irakasleen %64ak egin du greba eta hezitzaileen %50ak. Toki Alai eskolan irakasleen %77ak greba egin du. Eta Hondarribiko Talaia eskolan grebaren jarraipena handia izan bada (datua baieztatzeke), Haurreskolen Partzuergoko Loraitz haur-eskolan %78koa da jarraipena.
 
 
Irungo Udalak argitu duenez, HH eta LH mailako eskola publikoetan atezaina (udalaren mendeko langilea) mantendu dute, ikastetxeetarako sarrera-kontrola bermatzeko. Eta Udal Haur Eskolan bi langile -zuzendaritza edo koordinazio eginkizunak bere gain hartzen dituena eta irakasle bat egongo dira. Haur Eskolako langilearen presentzia ere mantenduko dute jangelako ordutegian zehar. Irungo Udal Kontserbatorioan, aldiz, langile bat egongo da zentroan sartzeko kontrola bermatzeko.
 
Goizak aurrera egin ahala informazio piketeak izan dira bi herrietako erdigunetik eta industrialdeetan ere. Grebaren eragina nabarmena izan da lantegietan, eta CAFen adibidez, langileen gehiengoak bat egin du grebarekin. LABeko langileen batzordeak argitu du azaroaren 6an asanbladan erabaki zutela gehiengoak greba egitea, eta Donostiako eguerdiko manifestazioan ez ezik, arratsaldean Bidasoaldekoan ere parte hartuko dute. 
 
Gainerakoan, hirugarren sektorean oinarritutako ekonomia da Behe Bidasoa eskualdekoa. Antxeta Irratiak baieztatu ahal izan duenez, zenbait gasolindegi itxi egin dute gaur (Irungo Elitxukoa adibidez), Hondarribiko Eroski supermerkatua ere itxita dago, eta ostalaritzari dagokionez, denetarik egon da. Hondarribiko Portua auzoan hiru taberna eta okindegik zabaldu dute gosari ordutegian. Irunen, San Juan plazako ostatu guztiak irekiak egon diren bitartean, Urdanibia plazan denek itxi dute, eta Colon pasealekua eta erdigunean grebaren jarraipena erdizkakoa izan da.
 
Udal zerbitzuetan ere eragina nabarmena da. Eusko Jaurlaritzak aginduta, Zubia gizarteratze zentroa, etxez etxeko laguntza zerbitzua edota Ama Xantalen udal adinekoen egoitzaren zaintza lanetarako zerbitzu minimoez harago, Irungo Udalak eskaintzen dituen publikoari begirako zerbitzu askotan ordutegiak murriztu behar izan dituzte langileen greba dela eta. HAZ-SAC bulegoak goizeko 8:00etatik 14:00etara (arratsaldez itxita) baino ez du zerbitzu eman, eta bulegoko argiak itzalita eman du zerbitzu. Beste udal ekipamendu askotan jai egunetako ordutegiak bermatu dituzte, eta greba-deialdiaren ondorioz, ohiko funtzionamendua eta ordutegietan edo horien irekieran ere aldaketak eman dira. Bestalde, CBA udal liburutegia itxita dago gaur. 
 
 
Arratsaldeko 18:00tan Bidasoko Greba Batzordeak manifestazera deitu du Zubimuxuko biribilgunetik San Juan plazara. Eskualdeko manifestazioa Hondarribia, Zubiaurre, Geltoki, Colon, Foru eta Kale Nagusitik pasatuko da, eta Irungo Udalak trafiko mozketak iragarri ditu ibilbidean zehar, eta 18:00etan hasita Letxunborro hiribidean. 
 
OHARRA: Informazio eguneratzen joango gara.