Audrey Hoc eta Aimar Rodriguez laborariek frutarbol ekoizleak dira Biriatun. Herriko Etxearekin partaidetzan landare jangarriak landatzeko proiektu berri bat abian jarri zuten 2023an «elikadura burujabetza» aldarri. Joan den azaroaren 26an Arbolaren Besta ospatu zuten dagoeneko Biriatun bertan. Baina beren proiektua autonomiarako ikastaroak proposatzea ere bada, eta frutarbolen ekoizpenak segurtatzeko beharrezkoak diren txertatze teknikak irakasteko atelierrak ere proposatzen dituzte.
Helburu horrekin, heldu den martxoaren 16an, larunbatarekin txertaketa ikastaroa antolatu dute Biriatuko Martingoiti aldamenean (elizatik minutu batetara oinez) goizeko 10:00etan. Tailerraren ondotik bazkaltzeko aukera emango dute. Biriatuarrentzat urririk da, eta gainerakoentzat 5 eurotan izena eman daiteke. Tokiak mugatuak direnez, audreyhoc@gmail.com helbidera idatzi behar da lehenbailehen lekua erreserbatzeko. Audreyk azaldu digunez, parte hartuko duen orok ikasteaz gain, bospasei arbol txertaturik eraman ahal izango ditu etxera.