Bideoak

Tona erdi hondakin bildu dute Hendaiako hondartzetatik udaberriko garbiketan

Aimar Lopez 2024ko mar. 25a, 14:49

185 lagunek 500 kilo inguru bildu zituzten hondartzetan · Balorazio positiboa egin du Hendaiako Herriko etxeak

Urteroko hitzordua da eta joan den larunbat goizean izan zen, 185 bolondres bildu ziren Hendaiako Hondarraitz eta badiako hondartzetan urak bildutako hondarkinak garbitzeko. Herriko Etxeak eta CPIEk antolaturik, tona erdi zabor atera zituzten bi ordu eskasean. Plastikoa eta beira izan dira nagusi aurtengo bilketan, Bidasoak nahiz itsasoak hondarreratuak.

Paul Elissalde CPIEko langileak azaldu digunez, beira eta plastikoa jaso dituzte bereziki aurten. Hondakin hauek hiru multzotan sailkatzen dituzte: birziklagarriak, birziklatu ezin direnak, eta hondakin arriskutsuak edo toxikoak. Ondotik, CPIEko langileek hondarkindegira eramaten dituzte, bereizketa zikloa errespetatuz.

Eskularruak jantzita eta zakar poltsak eskuetan, 185 herritar ibili ziren larunbatean hondartzetan gora-behera. Bi orduan zehar ibili ziren lanean, familia asko ere bertaratu zirelarik.