Hendaiako San Bixente eskolako 3 eta 11 urte bitarteko ikasleek Txingudi Badiako hondartza txikia garbitu dute hilero ikasturte honetan. Recicla Birziklatu elkarteak proposatuta, ikastetxeak berehala baiezkoa eman zien, eta adinaren araberako lanketa pedagogikoa egin dute itsas hondakinen gaiari buruz sentsibilizatzeko. Laida Rodriguez, Birziklatu elkarteko kideak azaldu digunez, «haurrak harritu egin dira hilabetero garbitu arren, hilabetero biltzen zutelako zaborra».
Gizakion erruz itsasoan amaitzen duten hondakinen parte txiki bat besterik ez da itzultzen ur-korronteek bultzatuta. Eta hondakin handiez gain, bereziki mirkoplastikoen arazoaz kontzientziatzeko balio izan diela azpimarratzen du Laidak. Txikienekin gaia lantzeko piktograma bidezko sistema bat ere baliatu dutela argitu digu. Izan ere, 3 eta 11 urte bitarteko haurrek parte hartu dute, hilero gela desberdin batek, eta hondakinen arazoa oso modu desberdinetan ulertzen dute adinaren arabera. «Halere, haur guztiak oso arduratuak daude, eta ulertzen dute», dio Birziklatu elkarteko ordezkariak.
"Hilabete bat, Bilketa bat" ekimena amaitzear daude eskola egutegiarekin batera. Baina dagoeneko Hendaiako eta Irungo beste ikastetxe batzuen deia jaso dute, heldu den eskola sartzean ekimen honekin bat egiteko interesa agertuz. Dena dela, San Bixente eskolako ikasleek egindako lana ez da hondakin horiek guztiak behar bezala bildu, bereiztu eta birziklatzeko prozesuarekin amaitu. Ibilbide luze eta eraginkorrago bat bilatu baitiote ekimenari. Bildutako hondakinekin haurrek collage moduko bost mural osatu dituzte. Eta elkarteak Bioterra azokan izango duen postuan ikusgai jarriko dituzte, ekimenaren berri eman eta jendartea itsas-honakinen arazoaz sentsibilizatzeko xedez. Recicla Birziklatu elkarteak kosmetiko ekologikoen tailerrak proposatuko ditu bere Bioterrako postuan ere, ekainaren 7, 8 eta 9ko asteburuan.
Ekainaren 1ean zigarrokinak biltzera
Bestalde, joan den astean Antxeta Irratian iragarri genuen bezala, ekainaren 1ean COLILLATON ekimena antolatu du elkarte ekologista honek Irungo San Juan plazan. Goizeko 10etan egin dute deialdia larunbatean, SurfRider Fundazioarekin elkarlanean. Tabakorik Gabeko Munduko Eguna dela probestuko dute, San Juan plazatik abiatuta, ordubetez ahal bezainbat zigarro hondakin auzolanean bildu eta kontzientzia pizteko. Elkartetik oroitarazi dutenez, «gaur egun kaleetan bildu ohi diren hiri-hondakinen artean ugariena da» zigarrokinena. Eta 100 produktu toxiko dituela kontuan hartzeaz gain, plastikoz eginak daude. Tamalez, «oso normalizatuta dago zigarrokinak lurrera botatzea, eta jendea ez da ohartzen noraino kaltegarriak diren», dio Laida Rodriguezek, «haizeak eta euri uren korronteek erreka bideratu eta itsasoan amaitu ohi dute».