Harri Xabaleta edo Bas Quartier auzoko baratzearen kasuan, zorrotz mintzatu zaio Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza Antxeta Irratiari. Duela hainbat urte Euskal Hirigune Elkargoak erosi zuen Berekoetxea eraikina eta ondoko baratzea, eta orain EPFL egituraren bidez Hendaiako Herriko Etxearen esku gelditu da, auzapezak azaldu duenez, eraikinean hiruzpalau etxebizitza sozial egiteko. 400 metro karratuko baratzea, urte hauetan zehar, hainbat herritarrek atxiki dute, bertan hainbat zuhaitz, landare eta lore mantenduz. Orain, haatik, Herriko Etxeak esku hartuko du eremuan, herri erdigunearen berriztatze proiektuaren baitan. Ezenarrok azaldu duenez, bidexka bat eginen dute, inguruan landareak eta zuhaitzak atxikiz, baita bankuak jarriz ere. Honi, Pattar Handi karrikako eskailerak txukuntzea gehituko diote, hala Harri Xabaletatik Herri Erdira oinezko irisgarritasuna txukunduz eta adinekoentzako pausa guneak gehituz.
Baratzea lantzen duen herritar taldeak, eta haien eskaera babestu duten 300 herritarrek baina, berdegunea “artifizializatzea” leporatzen diote Herriko Etxeari «urbanizatu eta artifizializatu beharrean, kudeaketa horizontala, inklusiboa eta kolektiboa eramateko aukera» lehenestea eskatuz. Ezenarrok babestu du daramaten proiektua “jasangarria” dela, eta auzokideen hitzei kontra eginez, “zementoa kenduko” dutela, gehitu beharrean. Izan ere, baratzearen xoko batean aparkaleku estali bat dago, eta hori eraitsi eta minutu gutiko aparkalekuak kokatuko ditu bertan Herriko Etxeak. Bertan bizikletentzako aparkalekuak egiteko galdeari erantzun dio Ezenarrok: “Ez badute aparkalekurik nahi, ados, mintza gaitezke. Baina auzokideei eskatuko diet memoria luzea izan dezatela, eta ez daitezela urte batzuetara etorri aparkaleku eske”. Eta gehitu du, parean bi saltoki egonik, aparkaleku eskaera erreala dela, eta “gizalegearen aurkako” hainbat ibilmolde ikusten direla auto gidarien aldetik, “nolanahi” aparkatzeko ohiturekin.
Antxeta Irratiko uhinetan Migueltxo Jimenez baratzearen erabiltzaileak defendatu zuen «Herriko Etxeak nahi duena egin dezakeela lur publikoa delako, baina horregatik hain justu, herritarrekin kontsulta dezala, publikoa bada, gure ere badelako». Horri erantzunez, Kotte Ezenarrok “egiazko publikotasuna” aldarrikatu du, eta ez, haren hitzetan, auzokide gutti batzuen erabilerara besterik bideratzen ez den lur publikoa.
Kolektiboko kideen ezkortasuna deitoratu du auzapezak, bilkurak egin eta alternatibak proposatu baitizkie Herriko Etxeak, baina herritarrek mobilizazioa hautatu baitute. Haserre, haien metodoak salatu ditu: “ekologista omen diren batzuentzat, afixak kola indartsuarekin itsastea ez zait egokiena iruditzen, eta orain, gainera, tindaketak”. Bi iritzi elkarren aurka dauden eztabaida honetan, “norbaitek behar zuen partidaren amaierako txistua jo” Ezenarroren arabera.
Baratzezainen kolektiboak zabaldutako “SOS Baratzea” izenpedura bilketa 300 herritar baina gehiagok bere egin dute, eta asteazken honetako Herriko Kontseiluaren aitzinetik agerraldia eginen dute. Ekainaren 29rako bazkari partekatua antolatu dute lorategi pareko plazan, hurrengo urratsak zehazteko.