osasuna

Ezohiko eritasun neurologikoentzako 22 oheko zerbitzu berria ireki du Hendaiako Itsas ospitaleak

Aimar Lopez 2024ko uzt. 16a, 09:00

Tokiko mozkinak baliatuko ditu zerbitzuko kantina berriak. Argazkia: AP-HP

Morancé izeneko zerbitzu berriak urtean 270 eri artatzeko asmoa du, bataz-bestean hilabeteko egonaldiekin. 4 milioi euro pasako inbertsioari esker ireki dute, frantses estatu osoko nagusiki AEA Alboko esklerosi amiotrofikoa duten pazienteak hartzeko helburuarekin.

Otsailean Balea eguneko zentroa inauguratu bazuten AP-HP Pariseko ospitaleek Hendaiako erietxean, ezohiko eritasun neurologikoentzako Morancé zerbitzua ireki dute uztailean. Itsasoari begira dauden 22 banakako gelak, solarium batek, hondartza ondoan den baratze batek eta jantoki batek osatzen dute zerbitzua.

Bertan, AP-HPk azaldu duenez, bertzeak bertze AEA Alboko esklerosi amiotrofikoa, Neurona motorraren gaixotasuna, garuntxoko sindromeak, baita neurologia “arrunteko” patologia ere landuko dute. Izan ere, Itsas ospitalean orain arte eri neurologikoak artatzen bazituzten, harrera gaitasun mugatua zuten, eskaera baina apalagoa, eta itxaron zerrendak luzeak ziren. Morancé zerbitzuak horri aurre eginen diola adierazi dute.

Erietxeak berriki Centre de Ressources et Compétences izendapena jaso du AEArekiko, eta ezohiko eritasunak tratatzeko estatu mailako hainbat ikerketa taldetan parte hartzen du; zerbitzu hau jarraikortasun horren baitan kokatzen dute.

Hainbat azterketa berezitu egiteko gaitasuna izanen dute, hala-nola nutrizio edo irensketa arloetan, arlo neuropsikologikoan, baita laguntza teknikoan eta psikologikoan ere. Diziplina anitz barnebiltzen dituen laguntza hau eriaren garapen patologikoaren arabera eginen dute, eta egonaldia bukatu eta haren etxera itzulera koordinatuz eta segurtatuz emanen dute pauso oro.

Hendaiako Itsas ospitalean ohikoa den moduan, frantses estatu osoko eriak hartuko ditu Morancé zerbitzuak ere, bataz-bestean lau aste luzatuko diren egonaldiekin. 22 logeletan 270 paziente inguru hartuko dituzte urtean. Bertzalde, ireki berri duten jantokian tokiko produktuekin lan eginen duen dietetikari bat ere bada, eta ondoan 2021ean ireki zuten Bertin Huntington zerbitzuarekin partekatuko dute baratze eta terraza bana.

4 468 000 euroko inbertsioa egin dute 1920 eta 1953 artean Itsas ospitaleko mediku buru izan zen Morancé medikuaren izeneko zerbitzua irekitzeko. Joan den ostegunean inauguratu zen, eta aurki hartuko ditu lehen eriak.