Hendaian aurten garatuko dituzten proiektu nagusiak aipagai izan ditu Kotte Ezenarrok bere agiantzetan

Aimar Lopez 2025ko urt. 2a, 09:48

2025. urte honetarako agiantzak aurkeztu ditu Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak. Herriko Etxe berrituan grabaturiko bideo batean, Errepublika plaza berritua ere gibelean duela, 2025eko proiektu nagusien aurkezpena egin du, lehenik baina, urte berria eta osasuna opatuz.

Hendaiarrei osasuna bai, baina mundu mailako bakea ere galdeginez hasi du Ezenarrok hitzartzea, bereziki Ukraina eta Gazako “sarraskia” buruan dituela azpimarratuz, Euskal Herrian bakean bizitzeko “dugun xantza” ere hizpide izan du.

Hendaiako proiektu nabarmenei dagokionez, hiri erdigunearen biziberritze proiektua 2018tik abian dela oroitarazi du Ezenarrok, bi agintalditan luzatzen dela beraz, eta ezinbesteko desmartxatzat dutela “herritarren, merkatarien, oinezkoen eta bizikleta erabiltzaileen bizi kalitatea hobetzeko”.

Hala, errepublika plazako lanen azken fasea hastear den honetan, hemendik hilabete guttira herritarren arteko lotura sozialak indartuko dituen espazio bizia izanen da auzapezaren arabera. Hiru fasetan banatua zuten plazaren berritze prozesua: “Merkatu plaza”, hots, ostatuen gunea, aparkalekua zena, “Herriko Etxearen plaza”, hots, Herriko Etxearen aitzineko gunea, eta “Elizako plaza”, hots, eliza eta Herriko Etxearen arteko eremua. Azken hau da oraindik ere berritzeke dena, eta urtarrilaren 10erako bukatua behar luke, Bixintxoetarako plaza osoa prest izanen delarik.

Igerilekua, urtebete barru prest

Irandatzeko udal igerilekuari dagokionez, lanak abian dira eta azpiegitura berriak igeriketa segurtasunez ikastea lehenetsiko duela azaldu du Ezenarrok. Hendaia itsas bazterreko herria izanik, “herriko etxearen lehentasuna itsasoan ibiltzen erakastea” baita. Uda bukaeran hasi zituzten lanak, eta urte honen bukaerarako prest izanen da piszina. Sei lerroko eta 25 metroko igerileku nagusia izanen du, baita haurrentzako beste eremu txikiago bat ere.

Eraikin berriak beirazko sabaia izanen du, eta teilatuan solarium bat, baita eguzki panelak ere. Bizikletentzako aparkaleku estalia, autoentzako 30 plaza eta ondoan eraikiko duten galdara handiaren beroa jasoko du Irandatzeko igerileku berriak. Galdara horrek gainera, Irandatz Ikastola eta kolegioa, kiroldegia eta inguruko etxeak berotuko ditu.

Eremu berde berri bat herritarren eskura

Bertzalde, Urrizti eremuaren erosketa ere izan du hizpide auzapezak. Izen bereko karrikaren amaieran, badiaren gainean da 4 hektareako eremu natural handia, Dordoinako departamentuari erosi dio Herriko Etxeak. Herriko kontseiluak parke ireki baten proiektua du bertarako, herrian eskas den beharrari erantzunez, bertan ere “norbanakoen arteko loturak eta hiria eta naturaren arteko kohesioa” sustatuz. Hala ere, herritarrekin elkarlanean adostu nahi dute Urriztiko eremuan zehazki zer egin.

Ttiki Handi proiektua ere abian dela oroitarazi du auzapezak, Goiara auzoko zahar etxe ohian. Urrian hasi zuten eraikinaren berriztatze lana, eta Departamenduaren eta estatuaren eta CAF kutxaren laguntzarekin, zerbitzu sozial eta elkarte ugari bertan kokatuko dituzte lanak bururaturik.

Bertzalde, “ikerketan” jarraitzen du Herriko Etxeak Ezenarrok gehitu duenez, haurtzaindegi eta sukalde zentral berrien proiektuei dagokienez. Herriko bideen egoera hobetzeko berriz, 700.000 euro inbertituko dituzte aurten.

Inbertsioak, laguntza sozialetan ere

Horiek azpiegiturari loturiko inbertsioak badira, hainbat frontetan laguntzen jarraituko du Hendaiako Herriko Etxeak Kotte Ezenarrok azaldu duenez. Hala, kultur jardueren, eskola kantinen eta eskolaz kanpoko jardueren “prezio soziala” mantenduko dute heldu diren hamabi hilabeteetan, CCAS edo Gizarte Zerbitzuek ematen dituzten laguntza ugariak mantenduak izanen direlarik ere.

Oroitu, bertzalde, urtarrilaren lehenaz geroztik Hendaiako zortzi udal polizia agenteak armatuak direla “lasaitasun publikoaren” izenean.