Urterokoa bilakatu den hitzordua izanen da heldu den urtarrilaren 12an Hendaian, Harrera Taldearen aldeko bazkari eta bertso saioaren laugarren edizioa hartuko baitu Gaztelu aretoak. Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Irantzu Idoate izanen dira oholtzan, Maddalen Arzallus gai emaile izanen dutelarik.
Euskal preso, iheslari eta deportatu ohiei laguntza ematen dihardu Harrera elkarteak zazpi lurraldeetan. Ipar Euskal Herriko arduraduna den Jokin Etxebarriak azaldu duenez, 52 lagunek jaso dute 2024an elkartearen nolabaiteko laguntzaren bat, 2023an 47 ziren. Ezberdinak dira oso eskaintzen dituzten laguntzak, baina adinean gora doaz artatzen dituzten herritarrak; medikuntza arloan eta erretreta osagarrietan dabiltza anitz hortaz. Adinaren adierazle, Etxebarriak eman duen adibidea: “2024an hiru kide galdu ditugu, 2023an ere beste hainbeste zendu ziren”.
Hegoaldean 500 bat dira Harrerak laguntzen dituen pertsonak, eta kopurua emendatzen da presoak kaleratzen -bereziki hirugarren graduan ateratzen- diren heinean, baita iheslariak eta deportatuak sorterrira itzuli ahala. Ipar Euskal Herrian lagunduen kopurua handitzen bada, egonkorragoa da egoera, eta etorkizuna ere hala aurreikusten dute Harreran: izan ere, Ipar Euskal Herriko preso bakarra gelditzen da egun espetxeetan, Unai Parot.
Azken hamarkadatan Ipar Euskal Herrian lanean izan diren sostengu taldeekin lanketa berezia egin dute Harrera elkartekoek, presoak kaleraturik ere laguntza beharra azalduz. Hala, ohiko sareak aktibo jarraitzen du, eta Hendaiako hitzordu hau ere elkartasun ehun horretan kokatzen du Jokin Etxebarriak.
Kondairak kontakizun, gatazkatsu oraindik
Bazkari eta bertso saioko sarrerekin Harrera elkartea ekonomikoki lagunduko bada, memoriaren eremuan ere bada babes beharrik Amets Arzallus bertsolari hendaiarraren ustez. Euskal gatazkaren garai latzak gibelean utzirik, gatazkaren ondorioei akaso behar baina guttiago kantatzen dietela iradoki du Arzallusek. Gatazka politikoa armatua izan bazen, gaur egun kontakizunarena ere baita, azken urteetan argitaratu diren ikus-entzunezko ezberdinak kasu.
Euskal Herriko historia hurbila “konplexua” bada, “minez” bizi du Arzallusek preso eta iheslari direnen edo izandakoen memoria “marjinala” izatea. Hala, beste kontakizunak sustatzeko beharra azpimarratu du: “Errelato nagusiak baztertzen dituen gai eta pertsonei kantatzea dagokigu bertsolariei”.
Hilaren 12an gai hauen eta beste hamaikaren inguruan kantuan ariko dira Gaztelu Aretoko oholtzatik Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Irantzu Idoate. Bazkaria 13:30ean hasiko da, eta sarrera 15 euroren truke sarean erreserba daiteke. Bertso saioa 17:00etan hasiko dute, 10 eurotan lekuan berean erosten ahalko da sartzea.