Bideoak

"Lupa" erakusketa osatu dute Hendaian Euskal Herriko zortzi emakume artistak

Aimar Lopez 2025ko urt. 17a, 16:00

Iragan ostiralean inauguratu zen erakusketa Hendaiako Mendi Zolan kulturgunean eta otsailaren lehenera arte irekia izanen da. Artista bakoitzak lupa nun jarri duen kontatu digu bideo erreportai honetan.

"Eta zuk, nun jarri duzu lupa?" galdera zen, naturalki, joan den ostiralean Mendi Zolan gunean egin beharrekoa. Kalitate goreneko artelan eder andanaz inguraturik, ehun bat ikusle eta artistak beraiek ere lanen unibertsoan murgildu ziren.

Orotariko lupak begilagun, basoak, hondartzak, detaileak, zabaltasuna, bisaiak, berrikustea... haien interes zentroak azaldu zituzten artistek. Inspiratzeko, margotzeko eta kontatzeko bere modua du bakoitzak, noski, baina puntu amankomun dezente ere badirela deskubritzeko parada ematen du erakusketak.

Hendaiako Herriko Etxeak eta Antxeta Irratiak elkarlanean antolatu dugu "Lupa", Euskal Herriko zortzi emazte artisten lanekin. Leire Salaberria haur eta gazte literaturan berezitutako ilustratzaile andoaindarra, Larraitz Ugartemendia margolari irundarra, Idoia Beratarbide artista plastiko oiartzuarra, Dolo Marina margolari hendaiarra, Jenni Alvarado margolari bilbotarra, Ainhoa Larzabal margolari ondarrutarra eta Irunen bere Marte izeneko arte laborategia duen Miren Gonzalez margolari tolosarra, eta bere burua «aktibista edo artibista» gisa definitzen duen eta arte desberdinetan aritzen den Irantzu Lekue gasteiztarraren lanak topa daitezke bertan. “Antxetatarrak” taldea osatu dute erakusketa honen antolaketarako.

Ibiltaria bilaka daitekeen erakusketa

Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko koordinatzaileak azaldu zuenez, irratiarentzat urtea erakusketa batekin hastea aukera berezi eta ederra da. Gainera, ibilbidea Hendaian hasten bada ere, erakusketa apirilean Urruñan izanen dela iragarri daiteke gainera, eta eskualdeko bertze leku batzuetan instalatzeko aukerak ere sortu dira.

Momentuz, otsailaren 1era arte Hendaiako Mendi Zolaneko erakusketa aretoan ikusgai da "Lupa". Asteazkenetik larunbatera, 10:00etatik 13:00era eta 15:00etik 19:00tara bisitatu daiteke, urririk.