Bost izarreko hotel batek ateak irekiko ditu Hendaiako Itsasoaren etorbidean heldu diren hilabeteetan. Ici Pays Basque irrati-telebistan baieztatu zuen atzo goizean Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak, 2022an eta 2024an eskatutako baimen ezberdinak onartuak dituela Herriko Etxeak eta eraikuntza aurki hastekoa dela.
“Les Flots” pausa mediku gunea izandakoak eremu handia hartzen du Hondartza auzoko ekialdean, ikusgarrienak hondartzako lehen lerroan dauden bi etxe handiak izanik. Hain zuzen ere, eremuaren zati horretan izanen da hotel berria. Auzapezak argitu zuenez, 26 logelako hotela izanen da, ostatu-jatetxe bat eta kiroldegi bat ere izanen dituena.
2006an itxi zuten zentroaren arduradunak ziren ahizpa dominikarrek “Les Flots”. Geroztik, proiektu ugari izan dira, baina hemeretzi urtez abandonatuak dira eraiki guztiak; okupatuak ere izan dira luzaz, gaur egun sarrerak erabat hormatuak daude. 2010. hamarkada erdialdean Robert Alday promotoreak proiektu ugari ibili zituen, eta orduan Frantziako Arkitektoek bi etxeetako baten itxura mantentzea exijitu zuten: Saint Dominique des Flots etxearena hain zuzen ere, ezkerreko eraikin historikoarena.
Ezenarrok ici Pays Basqueko lankideei azaldu zienez, “Hendaiako betidanik izan du familia-turismoa sustatzeko eta jasotzeko ohitura, baina beste turismo mota batzuk sustatzea ere dagokigu”. Hala, hotel berri honek “gama altuagoko” turismoa erakarriko du auzapezaren ustez. Hendaian sortzen den aberastasunaren %17 turismoari lotua dela oroitarazi zuen, eta Herriko Etxeak honen sustapenean jarraituko duela berretsi.
Ez-hain luxuzko ostalaritza ere
Martxoan irekitzekoa da bertzalde Santiago karrikan izen bereko hotel zaharraren eraikinean gazte aterpe bat. “Demain c’est loin” izeneko egoitzak 80 ohe izanen ditu, bi, lau eta zortzi pertsonentzako geletan banatuak. Banaka edo taldean bidaiatzen duten gazteak, erromesak, langile sasoilariak baina baita familiak ere hartzeko intentzioa dutela azaldu zuen Alain Cazaux proiektuaren sortzaileak azaroan Antxeta Irratian.
Berrikuntzaren lan handiena egina dute jadanik eta joan den astean izena eta logoa tindatu zituzten alboko paretan, hamarkada ugariz Santiago hotelaren izena egon den lekuan. Jatetxean eta ostatuan, aterpetuak diren bidaiariez gain bertako herritarrak ere ikusi nahi lituzkete jabeek. Xede horrekin, bidaiari eta bertakoak ezagutu eta elkar trukatzeko animazioak antolatzeko asmoa dute. Modu berean, jatetxean tokiko mozkinekin plater arruntak prezio eskuragarrian eskainiko dituzte, ekoizleekin ere harremana estutuz.
Urte osoan zehar, oheak prezio eskuragarrian eskainiko dituztela argitu zuen aterpearen nagusiak gure antenan. Euskal Herrian eta nazioartean arrakasta handia dute azken urteetan halako aterpeek; Ipar Euskal Herrian Baionan eta Miarritzen bakarrik ziren orain arte.