«Pozgarria izan da berriz hirurok elkartzea talde bati aukera inportante bat eskaintzeko» azaldu digu Andres Kamio Jitu, Elkar argitaletxeko musika arduradunak, solasaldia hasi bezain pronto. Izan ere, bigarrenez elkarlanean antolatu dute Elkar argitaletxeak, EHZ festibalak eta Antxeta Irratiak Paradisu Zinema musika beka, eta otsailaren 17a bitarte izanen dute interesatuek lanak bidaltzeko aukera.
Izan ere, mikrofonoa eskuan ezagutu genuen gehienok Iñigo Muguruza musikari irundarra eta haren omenez mikrofonoak eskaintzeko proposamena luzatu zuten 2023ko udaberrian Paradisu Zinema Bekaren lehen edizioa aurkeztu zutenean. Beñat Goitia gasteiztarra, Benizze musikariak eraman zuen beka lehen edizioan eta ezkutuan zuen atera zuen saria lortuta. Izan ere, horixe da beka honek eskaintzen duena: modu profesionalean diska bat grabatu eta zabaltzeko aukera.
Antolatzaileak azaldu digu ez direla zertan talde berriak izan behar lanak aurkezten dituztenak, eta jada lanen bat kaleratua dutenek ere parte hartu dezaketeela; funtsean, aukera berriak eskaintzea dago oinarrian: «Talde bati aukera ematea, hau plazaratzea eta modu profesional batean lan egin eta aurkeztea dago bekaren gibelean».
10.000 euroko saria egonen da jokoan, eta diruaren erdia diska modu profesionalean grabatzeko erabiliko da, eta bertze erdia formatu fisikoan kaleratu eta zabaltzeko. Irabazlea hautatzen den mementuan «profila ikusita eta kasua aztertuta musikari garaileekin egin beharreko bidea propio diseinatzen dutela» azaldu digu Jituk.
Zer eta nola egin bekara aurkezteko
Abenduaren 17an zabaldu zuten lanak bidaltzeko epea, eta otsailaren 17an itxiko da. Antolatzaileak azaldu digu zenbait proposamen jada heldu zaizkiela: «Pasa den edizioan azken orduan iritsi zitzaizkigun lan gehienak, eta itxura du aurten ere antzekoa izango dela. Oraingoz lauzpabost lan jaso ditugu, baina oso gauza interesgarriak daude tartean».
Proiekturen bat buruan duen eta musika gogoko duen edonork hartu dezake parte paradisuzinemabeka@elkar.eus helbidera bi-hiru kantu, proiektuaren azalpen laburra eta taldekideen datuak bidalita. Informazio gehiagorako Elkar argitaletxearen webgunean aurki daitezke bekaren oinarri guztiak xehetasunez azalduta. Baldintzarik gabe musika gustuko duen edonor animatzen dute parte hartzera «mahai gainean kolore gehiago egon daitezen».