Plaza oinezkoentzat soilik izanen da. Honek iritzi ezberdinak eragin ditu herritar, komertziante eta ostalarien artean, baina Michelle Muinos hautetsiak argitu duenez, «dena ez da posible, eta plaza biziberritzeko helburua bete nahi bada, familiek plazan erabili eta ostatuetan lasai egoteko ezinbestekoa zen trafikoa kentzea». Hala ere, auzoko bizilagunek euren autoekin sartzeko baimen berezia ukanen dutela gogoratu du herriko etxeak, kodigo baten bidez eman diren bornak irekitzen ahalko dituzte.
Era berean, plaza girotzeko kultur eskaintza indartzeko asmoa adierazi du hautetsiak, eta Kotte Ecenarro auzapezak aurkezpenean argitu duenez, horretarako egokitu dute plazan ikusgarrientzat espazio berezi bat.
Hortaz gain, kolore ezberdinekin argiztatua den iturri estetiko bat ezarri dute, komunak, bankuak eta zuhaitz berriak. Proiektuak eztabaida nabarmena eragin zuen Hendaian, herriko etxeak plazan ziren 100 urteko ezkiak kentzea deliberatu zuelako. Horren kontrako sinadura bilketa bat ere abian jarri zuten hainbat auzo elkarte eta eragilek. Eta horietariko batzuk, osasuntsuenak, Dongoxenia auzoan birlandatu zituen udalak gero.
Ostiralean egindako irekiera ofizialean jende andana bat bildu zen ospatzeko. 16 hilabetez luzatu diren obren ondotik, berriz ere plaza erabilgarri delako. Aldiz, «plazak arimarik ote daukan» zalantzan jartzen duten hendaiarrik ere bada, «lehen baino garbiago da berritu delako, hori normal da, eta zuhaitzak itzal handia emango dutela hitz eman dute, baina hazi beharko dira horretarako, beraz sinistu beharko dugu», dio Aintzane Lasarte hendaiarrak.
Bestalde, peatonalizatzeari buruz galdetuta, «zirkulazio plana falta dela, eta autoak nondik pasako diren eta aparkatzeko lekuekin zer pasako den» misterio bat da oraindik bertaratu ziren herritarrentzako.
Nolanahi ere, plaza prest da uda sasoirako, eta plazak izango du hemendik goiti lehen baino lade ludikoagoa. Gainerakoan, frantses xingolaren mozketa, eta Hendaiako herriaren historiaz auzapezaren mintzaldia frantses hutsez izan ziren irekiera ekitaldiaren alde instituzionala. Ondotik herritarrekin batera, kontseiluko hautetsiek argazkia atera zuten, plaza denena dela irudikatzeko.