Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak (Banque Alimentaire), Gurutze Gorriarekin elkarlanean, neguko janari bilketa kanpaina antolatzen ari da, eta azaroaren 28an, 29an eta 30ean urtero egiten duten bilketa egiteko 10 bat laguntzaile xerkatzen ditu Hendaian. «Behar gehien dutenentzako» hiru orenez Hendaiako saltokien atarian egoteko boluntarioak behar dituzte. Parte hartzeko aski da 05 59 55 28 11 telefonora deitzea 9:00etatik 12:00etara, edo helbide honetara idaztea ba641@banquealimentaire.org.
Hazkurri Bankuko ordezkariek oroitarazi dutenez, Ipar Euskal Herrian ez dute inoiz atsedenik hartzen, eta karitatezko elkarte askok udan eta eguberrietan hesten dutenez, hutsune horri erantzuteko helburua dute Baionatik kudeatzen duten Hazkurri Bankuko boluntarioek. Joan den udan, adibidez, Baionako eguneko zentroa itxi eta hiru astez 300 familia eta 800 pertsona baino gehiago hartu zituzten. Izan ere, Hazkurri Bankuak azpimarratu du «elikadura-prekaritatea ez dela pausan jartzen».
Iaz, guztira, 1.300 tona janari banatu zituzten, gehienbat gazteei, adineko pertsonei eta ama bakarrei. Aña Mari, Hazkurri Bankuko laguntzaileak azaldu digunez, hauek dira gehien dituzten profilak. Hain justu, soilik Hendaiako Gurutze Gorriak (Secours Catholique) erakundeak astero 1,5 tona janari banatzen du astero, asteazkenetan Intzura industrigunean egiten duen janari banaketan. Bertan beharretan diren 120 familik parte hartu ohi dute batez bestean.