CPIE Euskal Itsasbazterra erakundeak euskal kostaldeak jasaten duen higadura aztergai izango du apirilean zehar. Horretarako, "Itsasbazterra entzunez, biharkoaren zantzu bat" izeneko erakusketa estreinatu berri dute Asporotsttipi euskal erlaitzaren interpretazio zentroan. Jon Frahier, erakundeko Ingurumen hezitzaileak azaldu digunez, erakusketa honetan ikuspegi zientifikoa eta artistikoa uztartu dute. Haien helburua baita «ikertzaile zientifikoen emaitzak aurkeztea, eta artistek ekartzen duten begiradak eragin dezakeen sentsibilitatea lantzea». Betiere, jendarteak kontzientzia har dezan.
Izan ere, euskal erlaitzaren higadura aktualitatean da azken urteetan. Hainbatetan itxi behar izan dute Hendaia eta Urruña arteko itsas bazterreko bidea lurjauzi arriskuen ondorioz. Eta agintarien politika eta erabakiak baldintzatzen dituen gaia da honakoa. Hain justu, arrisku naturalak aztertzen ditu CPIEk duela zazpi bat urte, eta erakusketa honekin batera, higaduraren nondik norakoak ulertzeko programazio oso bat antolatu dute hilabete honetan. «Jendea gonbidatu nahiko nuke Abadiara hurbiltzeko, eta naturaz gozatzeaz gain, gaiari buruz interesatzeko», dio Frahierrek, haien helburua pedagogikoa dela gogoratuz, «antolatu ditugun tailer, irteera eta hitzaldiak edonork ulertzeko moduan egokituak daude».
Alde horretatik, aipatutako erakusketa ekainaren 26a arte bisita daiteke Asporotsttipin. Baina honi lotutako hainbat jarduera proposatuko dituzte datozen egunetan, Hendaiatik Donibane Lohizunera bitartean, itsasbazterraren higadura prozesu naturala eta gizakiaren adaptazioa ulertzeko. Apirilaren 8an, hain justu, Donibane Lohizuneko Erromardiko hondartza aldean ateraldia antolatu dute, eta apirilaren 10ean Getariako Zenitz hondartzan. Hendaian, aldiz, apirilaren 9an, Abadia eremuan egingo dute bisita. Eta biharamunean, Alistair Brockbank geologo adituak solasaldia eskainiko du Asporotsttipin, Vision Littoral izeneko Abadia Eremuko protokolo zientifikoa aurkezteko. Jon Frahierrek argitu duenez, hiritar-zientzia egiteko proposamen bat barne biltzen du ekimen horrek.
Izan ere, zientzialariek egin beharreko ikuskapen eta neurketetan eguneroko datuak biltzea zaila izan ohi da. Baina Abadia Eremuan zehar QR bidezko hainbat mugarri ezarri dituzte, herritarrek haien ekarpena egin dezaten. «Bisitariek haien telefono mugikorra mugarri horien gainean jarrita, ezponda edo itsaslabarraren argazkiak egiteko prestatua dago, eta zientzialariek bildu ezin dezaketen informazioa eskaini dezakete aplikazioan argazkiak igoaz», argitu du. Hartara, herritarrek egindako ekarpenei esker, egunez eguneko erlaitzaren higaduraren abiadura neurtu eta jarraipena egin ahal izango dute.
Bestalde, apirilaren 15ean, familiei zuzendutako "Arriskuen Naturalen" sorkuntza tailerra proposatuko dute. Apirilaren 16an, berriz, Louis de Pazzis adituarekin topaketa antolatu dute Abadia Eremuan. Eta apirilaren 17an, Hendaiako Haizabia gunera bisita egingo dute, Abadia eremuaren bazterrean dagoen kostaldeko gune hori hobeto ezagutzeko behaketa baten egiteko.