Hendaian udal hauteskundeen bigarren itzulia izan eta sei egunen buruan instalatu zen Herriko Kontseilu berria. Kotte Ezenarro auzapez hautatu zuten, eta hauteskundeetako emaitzen arabera Hendaia Elgarrekin taldeak lortutako 24 botoak baizik ez zituen alde jaso. Hendaia Biltzen talde abertzaleak 5 kontseilari, eta Vivre Hendaye eskuineko taldeak beste 4 ordezkarirekin osatzen dute udalbatza mandatu berri honetan. Aldiz, agintaldi berria abiatu eta hautetsien kargu banaketa, eta batzorde ezberdinetan oposizioko taldeei hastapen batean eskaini dieten espazio urria salatu du Hendaia Biltzenek.
Gogoan hartu behar da, nolanahi ere, Hendaia Biltzenen kasuan udalbatzako 33 hautetsietatik 5 ordezkari dituela, bozken %32,58 eskuratu bazuen ere. Laetitia Navarron, abertzaleen bozeramaileak hauteskundeetako emaitzen bilana hotzean egin zuen atzo Dongoxenian egindako agerraldian. Hendaia Biltzenek 2020ko 769 bozketatik, orain lortutako 1.949 hendaiarren babesarekin jauzia eman badu ere, honek ez du ondorio proportzionalik izan Herriko Kontseiluan. Ezta aparteko ondoriorik ere, agintean jarraitzen duen Ezenarrorentzat.
Hala eta guztiz ere, «bihotzez eskertu nahi ditugu babestu eta lagundu gaituztenak, eta Hendaia Biltzen bozkatu dutenak, edota modu batean edo bestean dinamika honetan parte hartu dutenak», argitu du Navarronek, «eta proiektua bizirik mantentzeko ardura eman digute emaitzek, bai boto kopuruan, bai ehunekoetan, horrek adierazten baitu garapen handiagoa eta konfiantza dagoela gure proiektuarekiko». Alde horretatik, Hendaia Biltzenek etorkizunerako oinarri sendoa duelakoan dago, eta oposizio lanak arduraz egiteko konpromisoa adierazi du.
Gobernantza eredua eta oposizioaren lekua
Bestalde, Kotte Ezenarro auzapez izendatu badute ere, bozken %44a eskuratu duela gogoan dute abertzaleek. Aurreko mandatuan oposizioko talde nagusia zen Hendaia Aitzina taldea (baita komunistak ere) barneratu dituen aliantzaren emaitza zalantzan jarri dute. Izan ere, aurreko kontseiluan indarren %81a biltzen zutenek, orain horren erdia baizik ez dute bozketan erdietsi, baina kontseiluko 33 hautetsietatik 24 eskuratu dituzte. Herriko Kontseilua instalatu berritan, mandatu berriko lehen egunetan «aliantza horren indar eta karguen banaketan islatuko zela» pentsatzen zuen Hendaia Biltzenek. Haatik, auzapezordeak izendatzeko prozedurak harridura piztu duela diote. «Oraindik ez digute azaldu eserlekuen banaketaren irizpideak zeintzuk diren, eta zer gobernantza metodoa jarraituko duen, irekia, kolektiboa eta gardena izango al da?», galdetzen du Navarronek.
Bestalde, oposizioak bere lana garatzeko baldintzak bermatu beharra duela oroitarazi diote Kotte Ezenarroren gobernuari. Hauteskundeetan hendaiarren hautuak udalgintzan eraginik izango duenik zalantzan jarri baitu Hendaia Biltzeneko ordezkariak. Hauteskunde sistemak agintzen duen udalbatzako kontseilari postuen banaketa sistematik harago, «herriko komisio edo batzordeak osatzen dituzten 10 postuetatik bakarra proposatu zaigu, eta horrek ez du hauteskundeen emaitzak islatzen, eta ez die hautetsiei haien lana baldintza egokietan garatzen uzten», salatu du Laetitia Navarronek. Auzapezaren kabineteari jakinarazi diote ez daudela proposamen horrekin ados.
Herritarrak udalgintzan inplikatzeko deia
Dena dela, orain artean bezala, herritarren beharrak entzun eta haien alde lan egiteko prest dagoela aditzera eman du Hendaia Biltzenek. Eta herri programa osatzeko edota hauteskunde kanpainan egin bezala, mandatu honetan ere, lehen egunetik bilkura publikoak antolatuko dituzte herritarrekin partekatu eta haien iritziak jasotzeko. Berez, hauteskundeak amaitu eta hilabete bat ere ez dute itxaron horretarako, apirilaren 18an antolatu baitute aurreneko bilkura irekia.
Allande Prada, Hendaia Biltzeneko kideak argitu duenez, Jean-Mermoz karrikan kokatua dagoen Txiki Handi gunean (Haitzpean zahar-etxea zenekoan) 9:30ean finkatu dute. Herriko bizitzan inplikatzeko deia luzatu diete hendaiarrei, «hasten den agintaldiak antolaketa eskatzen du, epe luzeko lana eta hendaiarrekin harreman estua mantentzea», gogoratuz. Hortaz, proposamenak egiteko, eta etorkizuneko erronkak prestatzeko gai izango den taldea osatu nahi dute, eta bilera eztabaidagune eta topaleku izan nahi du, «bizitza demokratikoa ez delako hauteskundeekin amaitzen».