Polizia gehiago eta Hendaian osasun zerbitzuak indartzeko galdegin dio Kotte Ecenarrok prefetari

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 29a

Kotte Ecenarro auzapezak Pirinio Atlantikoetako prefetarekin bilera egin du Hendaiako herriko etxearen egoera ekonomikoa, etxebizitza, segurtasuna eta osasun zerbitzuei hendaiarrek duten sarbide eskasari buruzko arazoak aztertzeko. Jean-Marie Girier prefetaz gain, Baionako suprefetak, Mathieu Duhamelek, eta Hendaiako lehen auzapezordeak, Chantal Kehrig-Cottençonek ere parte hartu dute bilkuran.

Kotte Ecenarro auzapeza Pirinio Atlantikoetako prefetarekin bilera egin du Hendaiako herriko etxearen egoera ekonomikoa, etxebizitza arazoa, segurtasuna eta osasun zerbitzuei hendaiarrek duten sarbide eskasari buruzko arazoak aztertzeko. Jean-Marie Girier prefetaz gain, Baionako suprefeta, Mathieu Duhamel, eta Hendaiako lehen auzapezordea, Chantal Kehrig-Cottençonek ere parte hartu dute bilkuran. 

Hendaiako herriko etxeak aditzera eman duenez, Pirinio Atlantikoetako prefetarekin bilera egin dute udal agintariek gaur. Bertan, Hendaiako herriak dituen erronka eta arazo nagusiak izan dituzte hizpide, eta lan bilera honetan hendaiarren beharrak asetzeko egiturazko hobekuntzak egiteko beharra jakinarazi dio Kotte Ecenarro auzapezak Jean-Marie Girier prefetari. 

Jorratu dituzten gaien artean, Hendaiako Udalaren egoera finantzarioa aztertu dute. Kontuan hartu behar baita, herriko etxeak 31 milioi euro inguruko zorpetzea duela une honetan. Hau dela eta, 2026ko udal aurrekontuetan udal zerbitzuen tasa eta zergak, oro har, %7,5 emendatzea erabaki dute. Alde horretatik, udalak bigarren etxebizitzen gaineko higiezinen zergari lotutako diru-sarrera apaltzea batetik, eta Frantziako Estatuko dirulaguntzen eragin metatuari buruz mintzatu zaio auzapeza. Eta aldi berean, Hendaiak bizi duen etxebizitzaren arazoa arintzeko bizitoki sozialen arloan sortutako betebeharren handitzeaz ere jardun du prefetarekin. 

Kontuan hartu behar baita, Hendaiako etxebizitza guztien %38 bigarren bizitokia dela, eta aldi berean, hendaiarren %75k bizitoki sozialak eskuratzeko baldintzak betetzen dituela gaur egun.

Segurtasuna indartzeko eskaera

Bestalde, martxoko udal hauteskundeetan puri-purian izan den segurtasunaren premiak ere aipatu dituzte. Kotte Ecenarrok Hendaiako eta Donibane Lohizuneko barrutian Polizia Nazionalaren plantilla indartzeko eskatu dio Jean-Marie Girieri. Eta hautetsiek behin-behineko poliziak mugen eremuko errealitatera egokitzeko beharra azpimarratu dute, Hendaiako egoera apartekoa dela gogoratuz.

Hendaiako herriko etxeak hainbat saiakera egin ditu azken urteetan hiri-segurtasun neurriak indartzeko. Bere eskumenetan diren arloetan, udaltzainek armak erabili ahal izateko erabakia batetik, eta bideozaintza kamera sistema indartzekoa bestetik. Modu berean, 2025eko uztailaren 23ko herriko kontseiluan "Herritarren zainketa" taldeak auzoetan sortzeko proposamena aurkeztu eta onartu egin zuten, «tresnak delinkuentzia prebenitu eta hurbiltasuneko polizia sortzen lagunduko» zuela argudiatuz, eta dispositiboa Hendaiako komisariak kudeatuko zuela argituz.

Oroitaraztekoa da, zentzu berean, Frantziako poliziak Hendaian duen segurtasun publikoko presentzia apala dela, eta gauez ez dela patruilarik, PAFeko agenteek ezin baitute printzipioz muga eta migrazioa zaintzearekin lotua ez den misiorik bete.

Osasun zerbitzuak Hendaian

Hain justu, Hendaiak duen mugazgaindiko izaera aipatu dute ere, osasungintzari lotutako gaietan. Frantziako Estatuak Hego Euskal Herriko osasun eskaintza eta erabilera arautzen laguntzeari buruz aritu da Ecenarro prefetarekin, bi estatuen arteko hitzarmenak kontuan hartuta. Irun hiriarekin koordinazio eta baliabideak partekatzeko ekintzak ere izan dira hizpide, mugaren bi aldeetako lankidetza indartzeko logika batean. Izan ere, gaur egun mugaz gaindiko 3.800 langile baino gehiago dago eskualdean, alde bateko zein besteko osasun zerbitzuak baliatu ditzaketenak. 

Era berean, ARSen eskualde osasun planaren egoerari buruzko berrikuspen bat egin da, eta Hendaian erradiologia irudi diagnostiko talde bat ezartzeko aukera izatea azpimarratu du auzapezak, izan ere, Merkataritza karrikan (Irandatzen) zegoen zentroa itxi zutenetik, hendaiarrek Donibane Lohizunera joan beharra dute froga erradiologikoak egiteko.