Gaur hasi eta igandera arte luzatuko dira Hiri Besta eta Euskal Besta

Aimar Lopez 2026ko abuztuaren 7a

Hiri Besta egunak izanen dira gaur eta bihar Hendaian, gaurko 20:00tatik landa. Igandean berriz, Euskal Besta izanen da, kabalkada 16:30ean hasiko delarik. Trafiko aldaketa handiak izanen dira herri osoan, eta Txik Txaken 4, 14, 15 eta 26 lineeek ibilbidea aldatu dute.

Lasterka hasiko da, ohiko moduan, Hiri Besta: hamar eta hiru kilometroko lasterketa banak Hendaia zeharkatuko dute 19:00tatik landa. 20:00tan berriz, txupinazoa izanen da Errepublika plazan, bestei hasiera ofiziala emanez. Txarangek alaituko dute herri erdian giroa arratsean zehar, baita elkarteek antolaturiko kontzertuek ere. Plazan berriz, eszena nagusian Edantza taldeak animatuko du dantzaldia, 22:00etatik landa.

Larunbatean, haurrek eta kirolak izanen dute protagonismoa egunean zehar, hainbat kirol frogekin. Arratsaldeko seitan ohiko sardina afaria izanen da Kanetan, eta ordu berean Mutxikoak Errepublika plazan, ondotik Hendaian Kantuzek segiturik. 22:00etan, Sukar taldeak emanen du erromeria oholtza nagusian.

Euskal Besta, surik gabea eta euskaldunagoa

Igandean, Euskal Besta egunean, errebote partida izanen da 10:30ean Gaztelu Zaharren, eta 11:00etatik landa karrozak ikusgai izanen dira bertan ere, 15:00ak arte. Kabalkada berriz, 16:30ean hasiko da, geltokitik, ordu pare bat geroago Ondarraitz estadiora iristeko.

Aurten, su artifizialik ez da izanen, sute arriskua dela-eta prefeturak debekatu baititu. Haatik, iaz bezala, euskal taldeek izanen dute presentzia oholtzan: Patxi eta Konpainia taldeak musikatuko ditu Mutxikoak 20:00tatik landa, eta 21:30ean Maskak taldearen kontzertua hasiko da. DJ batek itxiko du besta.

Herriko Etxearen egitarau osoa hemen ikusi daiteke:

 

Elkarteak, bestaren bihotz eta birikak

Urtero bezala, dozena bat elkarteren egoitza edo ostatutan egiten diren animazioek osatuko dute Hiri Bestaren egitaraua, eta bestaren giroa horiei esker sentituko da. Aurten, Akelarre elkarteak aspaldiko partez ateak irekiko ditu, De Gaulle etorbidean, Maitena ostatua zen egoitzan hartu duten lokal berrian.

Enbata gaztetxeak aldiz, azken urteetan egin izan duen bezala, atzo hasi zituen bestak, eta kontzertu andana eskainiko ditu gaztetxeko oholtzan gaur eta bihar, Ekintza talde hendaiarrak urtetan Hendaian emanen duen lehen kontzertua barne.

Euskal Bestan ere, azken urteetan ohikoa bilakatu denez, hamalau elkarte eta ostalarik jan-edana eskainiko dute Ondarraitzeko estadioan.