Hendaiako Turismo Zerbitzuak udako turismo kanpainaren lehen bilana plazaratu berri du. Abuztuko datu ofizialak baieztatu beharko dituzte oraindik, baina aditzera eman dutenez, uztaileko datuen antzerakoak izango dira. Eta uztailean Hendaian ostatu hartu duten bisitarien kopurua %10 apaldu egin zen. Udal agintariek aditzera eman dutenez, lege berriek behartutako konpentsazio-neurriaren ondorioak nabaritu dituzte. Izan ere, etxebizitza turistikoen mugatzearekin batera, Hendaiak bi urtetan 3.000 ohe inguru galdu ditu. Eta testuinguru horretan alokairu eskaintzaren murrizketak eragin zuzena du.
Hala ere, etxebizitza turistikoek eta hotelek uda osoan zehar oso emaitza onak lortu dituztela nabarmendu du Turismo Bulegoak. «Hendaiak bidaiariak erakartzen» jarraitzeko gaitasuna izan duelakoan daude, baina turistak hartzeko hiriko gaitasun erdia suposatzen duten kanpalekuen kasuan, aldiz, abuztuaren 1etik aurrera baizik ez dira bete.
Bisitarien jatorriari dagokionez, dinamika aldaketa bat sumatu dute aurten. Girondako bisitariak izan ezik, Frantziako estatuko gainerako jatorria duten bezeroen kopurua apaldu egin den bitartean, nazioarteko bisitari gehiago jaso dute Hendaian. Bezero horien artean bereziki AEBetako eta Alemaniako bisitarien hazkundea azpimarratu dute Turismo Zerbitzuko ordezkariek, bulegoan %25 hazi baita jatorri horietako bisitariei arreta.
Aisialdiari dagokionez, ur jarduera gehienak bere jarduera bolumena mantentzea lortu dute, baina horri lotutako ekipamendu alokairuak jaitsi egin dira. Kulturari lotutakoak, berriz, Abadia jauregia eta Erlaitzako kontserbatorioak uztailan %15eko beherakada izan zuen, eta abuztuan %5eko beherakada erakusten dute datuek.
Era berean, bisitarien apaltze orokorraz gain, hauek gutxiago kontsumitu dutela dirudi. Izan ere, Hendaiako Turismo Zerbitzuak uztailean inkestatutako 45 establezimenduetatik, erdiak diru-sarreren jaitsiera nabarmendu du, baita elikagai sektorekoek ere (denda txikiak eta supermerkatuak). Eta abuztuan, komertzioen %60ak aditzera eman du 2025 urtean baino negozio-bolumena apalagoa izan duela.