Apartamendu turistikoei neurria hartzen hasita, bisitarien kopurua %16 bat apaldu da Hendaian

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 24a

Udako turismo denboraldia abiatu berri dute Hendaian, eta hoteletako zein kanpalekuetako erreserbak %100 inguruko okupazioa mantentzen duten bitartean, bisitari gutxiago somatzen hasi dira Turismo Bulegoan azken urteetan. Euskal Herri Elkargoak 2023an konpentsazio legea indarrean ezarri zuenetik, plataformetan iragarriak zeuden Hendaiako 500 bat apartamendu turistikoen kopurua nabarmen apaldu da. Sektoreko profesionalek diotenez, horrek kontsumoaren %20 inguruko apaltzea ekarri du udako sasoian herriko supermerkatu, ostatu eta jatetxe askotan. 

Joan den martxoaren lehenean, Euskal Herri Elkargoak indarrean ezarritako konpentsazio legeak hiru urte bete zituen. Eta herritarren etxebizitza eskubidean edota merkatuko alokairu prezioetan eragina hain argia ez bada ere, herri turistikoetan agerikoa da aldaketa. Hendaian, adibidez, udako turismo sasoia abiatu berri den honetan, herrian dauden hotel eta 7 kanpalekuetan udako erreserbak agortu badira ere, %20 bisitari gutxiago espero dute. 

Hendaiako Turismo Bulegoan azken urteetako dinamika zifra horretan neurtu dute, eta turismoaz bizi diren jatetxe, ostatu eta komertzioetan ere negozioaren apaltze bat sentitu dute. Eta plaza turistikoen erreserbak %100 okupazioarekin jarraitzen dutela kontuan hartuta, aldea apartamendu turistikoek egiten dutela dirudi.

Udako turismo masifikazioa helduko bada ere, ekainaren erditsutik somatzen hasi dira bulegoan bisitarien lehen uholdea. Hendaiako Turismo Bulegoko langile Itsaso Mijangosek dioenez, «momentuz bisitarien perfila frantsesa da gehienbat, Parisetik ere baina oro har hurbilagokoa». 2026ko lehen hiruhilekoaren eboluzioaren bilanean, hain justu, Akitaniao bisitariak %56 izan ziren Hendaiako Turismo Bulegoan, eta jarraian Ile de France (%9,3) eta Okzitaniakoak (%6,5) izan ziren gehinak. Ekaina bukatu bitartean bisitari perfila antzekoa dela diote, baina uztaila eta abuztuan askoz ere anitzagoa izan ohi da. Baina frantsesa. Hendaiako Turismo Obserbatorioaren 2025eko udako datuen arabera, bisitarien %87 Frantziakoa izan zen, bereziki Akitania Berrikoa (%34), Parisekoa (%12) eta Okzitaniakoa (%11). Atzerriko bisitarien kasuan, aldiz, Espainia, Erresuma Batua eta Alemaniakoak dira gehiengo nagusia.   

Hala ere, urtero mundu zabaletik datozen bisitariak jasotzen dituztela aitortzen du Mijangosek, «Zelanda Berria eta Australiatik, edota Asiatik» etorritakoak ere aurki daitezke udako denboraldian Hendaiak jaso ohi dituen 100.000 turista ingururen artean. 2025 urte osoan, zehazki, 90.000 turista izan ziren (2024an baino %16 gutxiago) Hendaian ostatu hartu zutenak, eta batez bestean 3,1 gau egin zituzten bertan. Hala ere, bisitariak (eguneko eskursionistak barne) 503.000 izan zirela diote Turismo Bulegoko datue. 

Apartamenduak: etxebizitza eta turismoaren aldagaia

Azken urteetan baina, Airbnb, Booking, Gites.fr edota Caporizons bezalako plataformetan 500 bat etxebizitza turistiko gisa, egunak edo asteka alokatzeko emanak zeuden Hendaian. Aipatutako legea zorroztu dutenetik, berriz, horietariko askok urte osoko alokairuak eskaintzera behartuak ikusi omen dira.

Alde horretatik, Hendaiako gazte gehienentzat etxe bat eskuratzea ametsa bilakatu bada. Prezio egokian den alokairu baten aurkitzea ezinezkoa da. Enbata gaztetxeko kideak 2021ean kexu ziren urte osoan pertsianak itxiak zituzten 637 etxe huts zirelako orduan Hendaian. Eta egindako azterketa horri, hutsik dauden bizitokiez gain, Hendaiako etxebizitza guztien %40 (5.638) bigarren etxebizitzak zirela salatu zuten. 

Konpentsazio legea indarrean ezarri zutenetik, araua urratu duten jabe pribaturik ez da falta izan. Alda kolektiboak hainbat salaketa aurkeztu ditu Hendaian eta Urruñan, eta urte osoko alokatzaile bat bota eta Airbnb plataforman eman zuten Hendaiako Zubi karrikako apartamentu txiki bateko jabeak salatzeaz gain, etxea okupatu egin zuten 2025eko maiatzean, Hendaiako herriko etxeak esku hartu zuen arte. 

Espekulazioaren kontrako mugimenduek eta erabaki politikoek legeak zorroztu dituzte. Eta bistan denez, orain arte neurtzeko zaila zen turismo sektorearen alde izkutuena azalerazi, eta agerian utzi du. Hendaiako Turismo Bulegoak bisitarien apaltzea neurtu baitu, %20 batean, berezko eskaintza turistiko ofizialek eskaintzen duten ohe kopurua bere horretan mantendu eta okupazio maila gorenean jarraitzen duen bitartean. Izan ere, Hendaia lehen mailako destino turistikoa izaten jarraitzen du.