Joan den maiatzean aireportuak eragiten dituen arazoak aztertzeko lehen bilera egin zuten Hendaian. Aireportuaren espazioa partekatzeko 1992. urteko Akordio Binazionalaren baitan, Kotte Ezenarro auzapezaz gain, Miarritzeko auzapeza, Serge Blanco, Pirinio Atlantikoetako prefeta eta Miarritzeko Parma zein Hondarribiko aireportuetako estatu ordezkariek parte hartu zuten bilera hartan.
Aspaldiko kezka da aireportuarena, eta Hendaiako aireko espazioaren okupazioaren aurkako herritar kolektibo batek ere, iaztik 1.500 sinadura baino gehiago bildu ditu hegazkinen zarata, ingurumen eta osasun arazoak eta segurtasun neurriengatik kezkaturik. Estatuak esku-hartu dezala eskatu diote auzapezari. Baina aurretik ere, joan den urtarrilean oposizioko Hendaia Biltzen taldeak mozioa aurkeztu zuen, eta aho batez onartu zuten aireportuaren eraginak argitzeko ikerketa baten egiteko beharra.
Joan den irailaren 30eko Herriko Kontseiluan heldu zioten berriz eztabaidari. Eta Kotte Ezenarro auzapezak aditzera eman duenez, Frantziako estatuak azterketa hori egiteko konpromisoa har dezan bi bilkura garrantzitsu dituzte urrian egitekoak. Iker Elizalde Hendaia Biltzeneko hautetsiaren arabera, «auzapezak esan duenez, estatuak egiten ez badu, herriko etxeak konpromisoa hartzen du azterketa hori eginen duela».
Aireportuaren eraginengatik "kalte-ordainak"
Aipatutako ikerketaz gain, Hondarribiko eta Irungo udalek abian jarri duten aireportuaren ondorioz kalte-ordainak jasotzeko aukera ere aztertzen ari da Hendaiako herria. Izan ere, Bizkaian eta Araban egin zuten bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere foru araua aldatu du udalek aireportu, itsas-portu, trenbide eta bestelako azpiegitura handiek haien udalerrietan suposatzen duten inpaktuagatik higiezinen zerga berezia kobratzeko.
Hondarribiko Udalaren kasuan aireportuaren espazio okupazioagatik diru bat jasotzen badu, Irungo Udalaren kasuan ere, aireportuaren inguruko auzoetan eraikinen altuera mugatzen du (San Miguel-Anaka promozio berrian adibidez). «Aireportua ez dago Hendaiako lurretan, eta mugaz bestalde dago, baina eragina badu herrian eta uste dugu "kalte-ordainak" jasotzeko eskubidea ere ukan dezakegula», dio Iker Elizaldek.
Zehazki, 2025ean EH Bilduk proposatuta Gipuzkoako Foru Aldundiak foru araua aldatu egin zuela aprobetxatu du Hondarribiko Udalak ezaugarri bereziduneko ondasun higiezinen gaineko (EBOH) zerga kobratzeko. Udalbatzan onartu zuten arauak ahalbidetzen duen zergapetze maximoa aplikatzea (%0,7). Horri esker, 160.000€ jasoko ditu aurten, iaz baino 28.000€ gehiago, aireportuari dagokion higiezinen zergari esker. Eta kopuru hori handitzea lortu du, sinbolikoki bada ere. Kontuan hartu behar baita, aireportuaren jardueraren ondorioak jasateaz gain, udalerriaren lur eremu garrantzitsu bat okupatzen duela aireportuak 1955 urteaz geroztik. Izan ere, terminala eta 1.754 x 45 metroko pistaz gain, 228 plazako aparkaleku bat ere badu.
Hendaiak ez du aireportua bere lurretan, baina Irungo kasuan bezala, bere eraginpean aurkitzen da. Izan ere, Hondarribiko aireportuan lur hartzen duten hegazkin guztiek Hendaiako Hondartza auzoaren gainetik pasatzen dira, itsasotik iritsita hartzen baitute pista. Eta horrek Hendaiako hirigintza ere baldintzatzen du, eraikuntzen altuera mugatzen baitu segurtasun arrazoiengatik.
Arazoaren dimentsio soziala
Baina aireportuak eragiten dituen ondorioak sakonagoak direla pentsatzen dute herritar askok. 2025eko uztailean Paco Durandeau Hondartzako auzokidearen ekimenez 1.500 sinadura baino gehiago bildu dituzte dagoeneko «Stop aux survols de l’aéroport de Saint-Sébastien» petizioaren bidez, change.org plataforman. Eskaera hartan, hegazkinek Hendaia gainetik pasatzea galarazteko galdegiten zuten. Izan ere, Durandeu bezala, Hondartza auzoko bizilagun askoren balkoietatik metro gutxitara pasatu ohi dira hegazkinak Hondarribiko aireportuan lur hartzerako garaian. Harekin batera, Mirentxu Irigoyen irakaslea, Jean-Marc Idrac medikua edota Patrick Ferret militante ekologista ere batu zitzaien ekimenera. Eta Hendaiako herriko etxeari eskaera ofiziala luzatu zioten, Frantziako Estatua interpelatu dezan eskatuz.
Era berean, kolektibo honek aireportuko pistatik 100 metrora dagoen Txingudiko Badiak jasotzen dituen 200 hegazti migratzaile espezieen defentsa ere argudiatu du. Baina hendaiar askorentzat aireportuak suposatzen duen osasun arriskuaz kexu dira espresuki. Hegazkinen keroseno erregaien isuriengatik batetik, eta etengabea den motorren harrabotsagatik bestetik.