Espainiako estatu kolpe faxistaren 90. urtemuga dela eta, Hendaian erbesteratutako bidasotarrak ohoratzeko hainbat ekimen antolatu dituzte aurten. Irailean Kaneta Portuan ekitaldi instituzionala egin ondoren, urriaren 13tik 24ra Gurseko kontzentrazio esparruaren historia gogoratuko dute Mediatekan antolatutako erakusketa batekin. Udalak estreinaldia urriaren 16an, ostirala, 18:00etan egingo du, baina aurretik bisita daiteke.
Hendaiako herriko etxeak aditzera eman duenez, gutxi edo gaizki ezagutua den historiaren pasarte bat da. Baina 1939ko martxoa eta apirila artean, Gursen 2 kilometro luzetan ia 80 hektareetan kokatutako esparrua eraiki zuten, gerra zibiletik ihesean zetozen erbesteratuak atxikitzeko. Bidasotar anitz izan ziren bertan. Azken urteetan hainbat ikerketa eta dokumental plazaratu dira honi lotuta, baita Irunen eta Hondarribian erakusketa eta hitzaldiak antolatu ere. Gurseko Kontzentrazio Zerrategiaren Elkarteak azken urteetan hainbat ikerketa eta oroimen ekimen egin baditu ere, oraindik ere belaunaldi berriei gogoratzeko beharra dagoela sinetsita dago udala. Hartara, Mediatekan antolatutako erakusketara bisitak antolatuko dituzte BM4 mailako ikastaldeak errezibituz.
Ekimena borobiltzeko mintzaldia izango da, Mediatekan bertan, urriaren 23an (18:00etan). Gaian aditua den Jean-François Berdah Espainia garaikidearen historialari famatua gonbidatu dute “Espainiako errepublikanoen erbestea” izenburupeko hitzaldia ematera. Iragarri dutenez, Espainiako errepublikanoen erbestearen tragedia eta Frantziak haiekiko ukan zuen politika izanen ditu aipagai, horietako anitz Gurs bezalako kontzentrazio esparruetan preso sartu baitzituzten.
Azken urteetako ikerketak
1939an Errepublikaren porrotarekin batera “retirada” eman zenean, Euskal Herritik, Aragoitik eta Herri Katalanetatik ihesean joan ziren 140.000 bat lagunek muga itxita aurkitu zuten hasieran. Ondoren, erbestea “masiboa eta behin betikoa” zela ikusita, haurrak eta emakumeak Frantzia osoan zehar sakabanatu, eta adin militarrean ziren gizonak Gurs, Bram, Saint Cyprian... bezalako kontzentrazio esparruetan internatu zituzten.
Hala kontatu digu gaian aditua den Josu Chueca EHUko ikerlari eta historiagileak. «Ez zuten deliturik egin eta ez zeuden preso», dio Chuecak, «baina indesirable gisa izendatuak zituen frantses gobernuak, eta Espainia frankistara itzultzeko baizik edo beste herrialde batera erbesteratzeko baizik ez zieten libre uzten». Ez ziren nazien akabatze esparruak izan, baina kontzentrazio esparru horietan guztietan hilerri bat sortu behar izan zuten. «Gosea, hotza, janari eskasa eta gaixotasunak, baldintza gogorretan bizi ziren eta jendarmeek zaindutako alanbraden artean», dio ikerlariak.
Horren irudiko, Biarnoko Gurseko zelaia izan zen. Bertatik 64.000 errefuxiatu iragan ziren urte haietan, eta 1.180 hilobi dituen hilerria han dago oraindik. II. Mundu Gerlaren eszenatokia hurbildu zenean, aldiz, nazien zirkuituan sartu ziren hauek, akabatze esparruetarako convoyak bideratuz. Interno horietako asko, aldiz, Frantziako gerla industriaren eskulan merke gisa baliatu zituzten, baita gudu-frontera borrokatzera bidali ere.