Urte osoko hari more beretik jarraituko du Emekik lanean Azaroak 25ari begira ere

Antxeta Irratia 2023ko urr. 31a, 07:41

Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunari begira hogei bat ekintza eta jarduera antolatu ditu Emeki elkarteak, Hondarribiko emakumeak ahalduntzen jarraitu eta haien autonomia bultzatzen jarraitzeko. 

Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotziak eskerrak eman dizkio Emeki Elkarteari urte guztian zehar egiten dituen ekintzengatik: "Gure hirian eragile handia da, eta ildo horretan elkarrekin lanean jarraituko dugula argi utzi nahi dut”, iragarri du hautetsiak. Tamara Sastrek, Emeki elkarteko presidentak aitortu duenez, “konsziente gara azaroaren 25ean egiten diren aldarrikapenak ezin direla egun batera mugatu, gaur egun oraindik ere emakumeok emakume izate hutsagatik diskriminatuak eta baztertuak izaten jarraitzen dugulako".

Horregatik ere, ezinbestekoa da indarkeria-egoera hauek prebenitzeko eta biktimei babesa emateko baliabideak eta programak garatzeko politikak sustatzea bere ustetan. Emeki elkartean lanean jarraituko dute, emakumeen autonomia bultzatzen, baita urte osoan zehar tailerrak, hitzaldiak, formakuntza saioak edota kirola eta kulturaren bitartez emakumeak ahalduntzeko ere.  

Hala eta guztiz ere, Azaroak 25a data garrantzitsua da aldarrikapenei oihartzun emateko. Eta horren harira, egunean berean Martxoak 8 plazatxoan egingo duten elgarretaratze deialdiarekin batera, hilabete osoan zehar hogei bat ekintza proposatuko dituzte. Hona hemen egitaraua: 

  • Azaroak 2 (osteguna)Aurpegirik gabeko ahotsak. Emakume bidasotarrak II Errepublikan izeneko hitzaldia eskainiko du Mertxe Trantxe historialariak. Hondarribiko Kultur Etxean izango da, 19:00etan.
  • Azaroak 8, 15 eta 29 (asteazkenak): Emakumea eta boterea izeneko hitzaldia eskainiko du Maria Jose Noainek, Emekiren elkartean bertan, 19:00etan.
  • Azaroak 11 (larunbata): Bixi-Bixi Emakume Pala Topaketa jokatuko dute Soroetako pilotalekuan. 10:00etan hasiko dituzte partidak.
  • Azaroak 20 (astelehena): Emakumezkoen Hondarribiko IV. Xake Ttopara egingo dute Kasino Zaharrean, Marlaxkaren laguntzarekin. 18:00etan hasiko da lehia.
  • Azaroak 21 (asteartea): Irakurketa tailerra egingo dute liburutegian, 17:00etatik aurrera.
  • Azaroak 23 (osteguna)Ni casadas, ni sepultadas. Alargunak: emakumezko erresistentziaren istorio bat liburuaz ariko dira Amaia Nausia Pimoulier idazlearekin. 19:00etan jarri dute hitzordua, Kultur Etxean.
  • Azaroak 24 (ostirala): Sare morea osatuko dute herriko emakumeek Martxoak 8 plazan, 11:00etatik aurrera.
  • Azaroak 24 (ostirala)Las buenas compañías filma proiektatuko dute Itsas Etxean, 19:00etan.
  • Azaroak 25 (larunbata): Emakumeek Korrika lasterketa egingo dute, korrika zein oinez. 10:30ean abiatuko dira Emekiren elkartetik.
  • Azaroak 25 (larunbata): Elkarretaratzea egingo dute Martxoak 8 plazan, 18:00etan.
  • Azaroak 25 (larunbata)Baginaren bakarrizketak izeneko monologoa eskainiko dute Itsas Etxean, 19:00etan.