Tamara Sastre Castillo

«Lehen ez ginen tartean sartzera ausartzen, baina orain indarkeria matxista egoerak ikustean zorrotz jokatzen dugu, gizartean zerbait aldatzen ari da»

Koldo Nausia 2023ko aza. 10a, 14:39

Azaroaren 25 Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren baitan Hondarribiko Udalaren laguntzarekin antolatutako ekimen-xorta aipatu dugu Emeki elkarteko presidentarekin. Baita azken hilabeteotan herrian eman diren sexu eraso eta indarkeria matxista kasuak ere. Eta horren aurrean "herriak erakutsitako berehalako" gaitzespen irmoa.

Europar Batasunak aurreneko aldiz egindako azterketaren emaitzak plazaratu berritan jaso dugu Tamara Sastre Castillo Emeki elkarteko preisdentaren bisita gaur Goizeko Kafean.  Europako emakumeen %30a bere bizitzan noizpait biolentzia matxistaren biktima izan dela aitortu dute Bruselan. Kezkaturik azaldu da Sastre, jakinik Hondarribia ez dagoela gizartearen gaitz horretatik salbu. “Ez dakit erasoak areagotu egin diren Hondarribian, baina gehiagotan salatzen da, eta ikustarazten da. Horregatik urte osoan zehar emakumeen ahalduntzearen alde lan egiten dugu Emekin, eta emakumeok bizi ditugun injustizia horiek salatzen ditugu etengabe”, azpimarratu du.  

Gure gizartean aldaketa bat ematen ari delakoan dago. “Geroz eta konzientzia gehiago dago, eta jendea gehiago inplikatzen ari da”, dio Tamarak, “lehen bizilagunak builaka entzuten genituen edo kalean indarkeria matxista egoerak ikusten genituen eta, beharbada, ez ginen esku hartzera ausartzen. Baina orain zorrotz jokatzen dugu, eta tartean sartzen gara aurregiteko, salatzeko indarrak ditugu. Zerbait aldatzen ari da gizarte mailan”.

Eraso bat gertatzen den bakoitzean ere, Hondarribian berehala mobilizatzen dira gaur egun aspaldiko urteetan gertatzen ez zen bezala. Eta horrek salaketa kopuruetan ere eragina duelakoan dago. “Jendea mobilizatzen dela ikusita, emakume asko babestuta sentitzen dira, eta salatzeko ausardia dute orain. Justiziak ez baitio behar bezala egoera hauei aurregiten oraindik ere”, argitzen du.

Azaroak 25ean, urte osoan bezala

Emeki elkarteak dozena bat tailer, kirol topaketa, hitzaldi, film proiekzio eta parte-hartze komunitarioko ekintzak proposatu ditu A25eko nazioarteko egunari begira. Baina “indarkeria matxistaren kontrako borroka eguneroko kontua” dela oroitarazi du Sastrek. Eta beraz, urte osoko hari more beretik antolatutako ekimenak prestatu dituzte, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin, eta herritarren inplikazioa bilatuz. Azaroaren 24an, adibidez, herriko eskolartekoekin batera Sare Morea ehunduko dute Martxoak 8 plazatxoan, indarkeria matxistari buruz ikasgelan hausnartu ondoren, ikasleek euren mezuak idatzirik utz ditzaten. Honako hitzorduak dira datozenak:

  • Azaroak 11 (larunbata): Bixi-Bixi Emakume Pala Topaketa jokatuko dute Soroetako pilotalekuan. 10:00etan hasiko dituzte partidak.
  • Azaroak 20 (astelehena): Emakumezkoen Hondarribiko IV. Xake Ttopara egingo dute Kasino Zaharrean, Marlaxkaren laguntzarekin. 18:00etan hasiko da lehia.
  • Azaroak 21 (asteartea): Irakurketa tailerra egingo dute liburutegian, 17:00etatik aurrera.
  • Azaroak 23 (osteguna)Ni casadas, ni sepultadas. Alargunak: emakumezko erresistentziaren istorio bat liburuaz ariko dira Amaia Nausia Pimoulier idazlearekin. 19:00etan jarri dute hitzordua, Kultur Etxean.
  • Azaroak 24 (ostirala): Sare morea osatuko dute herriko emakumeek Martxoak 8 plazan, 11:00etatik aurrera.
  • Azaroak 24 (ostirala)Las buenas compañías filma proiektatuko dute Itsas Etxean, 19:00etan.
  • Azaroak 25 (larunbata): Emakumeek Korrika lasterketa egingo dute, korrika zein oinez. 10:30ean abiatuko dira Emekiren elkartetik.
  • Azaroak 25 (larunbata): Elkarretaratzea egingo dute Martxoak 8 plazan, 18:00etan.
  • Azaroak 25 (larunbata)Baginaren bakarrizketak izeneko monologoa eskainiko dute Itsas Etxean, 19:00etan.

Xehetasun gehiago eman dizkigu Tamara Sastrek elkarrizketan. Entzun.