berdintasuna

Hondarribiko 'Emakumeak Korrika' eta oinez kaleak hartuko dituzte larunbatean

Koldo Nausia 2023ko aza. 23a, 13:19

Lilatoiaren ideian oinarrituta, Emakumeak Korrika lasterketa antolatu du Emeki elkarteak #A25 Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean, korrika zein oinez kaleak hartuta, emakumeak elkartu eta ahalduntzen jarraitzeko helburuarekin. Goizeko 10:30tan  abiatuko dira oinezkoak eta 11:00 korrika, Puntaleko Molla ibilbidetik. Irudia: Claudia Borras Amoraga 

Azaroaren 25 honetan, emakumeentzako espreski antolatutako ahalduntze lasterketa antolatu du Emeki elkarteak aurreneko aldiz. Lilatoiaren ideia hartuta, Emakumeak Korrika izendatu dute Hondarribiko deialdia, eta korrika edota oinez ere osatu daiteke 5 kilometroko ibilbide guztiz laua. Puntaleko Molla Ibilbidean izango du abiapuntua goizeko 10:30etan oinezkoak, eta 11:00etan korrikalariak lekuan berean amaitzeko. Ez da saririk egongo. Tamara Sastre Emekiko presidentak azpimarratu duenez, “helburua elkartzea eta jarduera osasuntsu bat eginez kaleak eta aldarrikatzea baita”.

Emeki elkartea burubelarri ari da kirola emakumeen artean bultzatu nahian. Eta bada dagoeneko urtebete Ane Bayok zuzendutako emakumeak korrika egiten hasteko taldea sortu zutela. Arrakasta izan duela agerikoa da, orain arte jarduera fisiko askorik egiten ez zuten 20 emakumek baino gehiagok parte hartzen baitute taldean, astean bitan eta norbere mailaren araberako entrenamenduekin.

Informazio praktikoak

Emeki elkartetik jakinarazi dutenez, emakumeen korrika topaketan parte hartuko dutenek motxila gordetzeko kontsigna izango dute aukeran. Eta dutxa zerbitzua izango da Jostaldi Pilotalekuan ere. Bestalde, goizeko 9:30etatik aurrera kamiseta jaso ahal izango dute parte hartzaileek Puntaleko eskola zaharretan dagoen Emeki elkartearen egoitza ondoan jarriko den karpa morean.
 

Beste hitzordu batzuk

Gogoratu, bestalde, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren baitan antolatutako egitarauan, eskolartekoekin antolatu duten Sare Morea Ehuntzen ekimena goizeko 11:00etan egingo dutela Martxoak 8 plazatxoan. Eta larunbatean, Baginaren bakarrizketak izeneko monologo batekin borobilduko dute Itsas Etxean, 19:00etan.

 

Argazkia: Claudia Borras Amoraga (Ane Bayok zuzendutako korrika taldearen entrenamendu batean)