Nestor Basterretxea jaio zeneko 100 urte betetzen diren honetan, Euskal Herri osoan zehar artistari eskaintzen ari dizkioten omenaldiekin bat egin du Hondarribiko Udalak ere. Ortzi Alonso Kultura eta Herri Nortasunerako zinegotziak gogoratu duenez, uda honetan, uztailan ‘Urmugaren Urtanta: Nestor Basterretxea gogoan’ kontzertua Arma Plazan, eta Musika Hamabostaldiaren baitan ere, abuztuaren 21ean kontzertu bat egin zen bere omenez. Urrian, aldiz, Nestor Basterretxearen ekoizpen artistikoaren alde ezezagunena lehen planora ekarri nahi izan dute, ‘Nestor Basterretxea, Zinema mugan’ proiekzio zikloa antolatuz.
Jorge Oteiza Fundazioa eta Punto de Vista Festibalak egina duen Basterretxearen ikus-entzunezko obrari hurbilketa Hondarribira ekarri dute, Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek 1963. urtean Frontera Films ekoiztetxea Irunen sortu, eta euskal kultura garaikidearen ikur bilakatu ziren lanak aztertu eta gizarteratzeko asmoz.
Telmo Basterretxea zinemagile eta artistaren bilobak dioenez, «aitona zinemagile frustratua izan zen, baina hil arte saiatu zen eta euskal zinemagintzaren sinbolo bilakatu zen Ama Lur luzemetraiaz gain, bukatu ez zituen gidoi eta storyboard asko bildu ahal izan ditugu». Izan ere, margolari, idazle, olerkilari edota eskulturgile famatua ez ezik, argazkilaritza esperimentalean eta zinemagintzan ere aritu zen Basterretxea.
Horren adierazle ditugu Operacion H (1963), Fernando Larruquertekin batera ekoiztu eta sari nazionalak jaso zituen Pelotari edota 1968ko Ama Lur filmak. Baina argitaratu gabeko lanak ere badira. Eta senideek iragarri dutenez, “Basterretxea Zinema Mugan” ziklo honetan 5 minutuko ‘Sin titulo’ laburmetraia proiektatuko dute Kultur Etxean, urriaren 3ko lehen hitzorduan. ‘Operación H’ ere ikusi ahal izango da bertan, besteak beste, baina Telmo Basterretxeak argitu duenez, «aitonaren Jaitzubiako baserrian topatu genuen Super8 zinta bat da, ‘Sin Titulo’ lana, bitxikeria bat».
Zikloa irekitzeko urriaren 3ko lehen saioa, Peio Aguirre eta Juan Pablo Huercanos adituen solasaldi batekin hasiko da 19:00tan Kultur Etxean, ate zabalik, eta aipatutako ‘Operacio H’ eta ‘Sin Titulo’ obrak ez ezik, ‘Alquezar’ (1966) ere ikusi ahal izango da.
Film proiekzio, gogoeta eta tailer-etxearen proiektua
Dena dela, zikloak hiru ostegun hartuko ditu. Urriaren 10ean aparteko tartea merezi duen ‘Ama Lur’ filma proiektatuko dute Itsas Etxea auditoriumean 19:00tan. Orotara 100 minutuko proiekzioa denez, ez dute solasaldi luzerik proposatuko, baina antolatzaileek iragarri dutenez, luzemetraiari buruz tesia egina duen Ane Lekuona hondarribiarrak aurkeztuko du.
Azken eguna, aldiz, hausnarketarako eta etorkizuneko proiektu bat aztertzeko bideratuko dute Kultur Etxean (19:00tan). "Nestor Basterretxea filmografia: Pensar, crear, habitar" izenburupean, 60. hamarkadan euskal pizkunde garaikidearen eta abanguardiaren ikur bilakatu zen Irungo Iparralde etorbideko Oteiza-Basterretxea lantegi edo tailer-etxea berreskuratzeko proiektua izango dute hizpide. Fernando Golvano aditua dabil Luis Vallet Montano arkitektoak eraikitako tailer-etxea museo bilakatzeko "Mugarte" egitasmoa diseinatzen, eta Frontera Films ekoiztetxearen sorleku izan zen heinean, horri lotutako bi proiekzio aurkeztuko dituzte. Jesus Mari Palaciosek 2012an egindako ‘Casa Vacia’ izenekoa, eta Telmo Basterretxea, Nestorren bilobak berak ikus-entzunezko ikasketa bukaera proiekturako 2017an sortu zuen ‘Tienes plan libertad para proyectar’ izenekoa.
Gogoan hartu behar da, Nestor Basterretxearen senideek behin baino gehiagotan aldarrikatu dutela tailer-etxeak bizi duen ahanztura, abandonu egoera eta lozorrotik ateratzeko beharra. Adituen hitzetan «santuario» bat ere bada Gorka Basterretxea, artistaren semeak dioenez. Horiek hala, Oteiza-Basterretxea tailer-etxea berreskuratzea izango litzateke bere ustetan, urtemuga honekin bezala, ezker-eskuin aitari egiten ari dizkioten omenaldien artean, Irunen egin ziezaioketen onena.