Palestinako genozidioa gelditzeko exijituko dute Bidasoaldean ere

Antxeta Irratia 2024ko urr. 17a, 10:17

"Genozidioa Stop!" lelopean Euskal Herri osoko udaletxeen atarian elgarretaratzeko deia luzatu du Gernika Palestina herri ekimenak urriaren 21ean 19:00tan. Irunen, San Juan plazan egin dute deialdia, eta Hondarribian udaletxe aurrean kontzentratuko dira.

Urriaren 7an urtea bete da Hamasek egindako inkurtsioaren ondotik, Israelen kontraofentsiba hasi zela Gazan. Orduz geroztik gutxienez 42.000 palestinar akatu ditu Israelek. Eta beraz, Palestinako «genozidioarekin berehala amaitzeko» eta «aterabide justu eta demokratiko bat» aldarrikatzeko "Genozidioa Stop!" lelopean kontzentrazio deialdia egin du Gernika-Palestina herri ekimenak Euskal Herri osoko herri guztietan urriaren 21ean. Gurean ere, Irunen eta Hondarribian daramaten mobilizazio dinamika azkartzeko helburua adierazi dute.

Joan den abuztuaren 2an dagoeneko, «genozidioa herritarren begi eta belarrietara» eramateko, haurren dozenaka zapata pare erakutsi zituen Bidasoko Gernika-Palestina plataformak Irungo San Juan plazan egindako ekimenean. Pare bakoitzaren alboan, izen bat, adin bat, eta "Israelek eraila" mezua. Gazako Osasun Ministeritzak orduan helarazitako datuen arabera, 16.314 baitziren iada, joan den urritik Israelek bertan hil dituen adin txikikoak.

Oraingo honetan, Euskal Herri osoan mobilizatzeko deia egin dute, Israelek Palestinako herriari Gazan eragiten ari dion «zigor kolektiboa» enegarren aldiz salatzeko. «Palestinaren autodeterminazio eskubidea, oinarrizko giza eskubideak eta legedia internazionala» bermatzea ezinbestekotzat jotzen duten heinean, nazioarteko eragile eta munduko agintarien «konplizidadea» salatzen du Gernika-Palestina herri ekimenak. Eta aurrerantzean ere, mobilizatzen jarraitzeko beharra azpimarratu dute.