Bideoak

Gaur osatuko dute Hondarribian Euskaraldia Herri Batzordea

Koldo Nausia, Aimar Lopez 2025ko ots. 3a, 16:00

Maiatzaren 15etik 25era eginen da aurten hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa nazionala, eta Hondarribian giroa inarrosi eta motorrak berotu nahi ditu Udalak. Horretarako, herritar orori deialdia luzatu die, astearte honetan, 18:30ean Udaleko Areto Nagusiko bilerara hurbiltzeko.

Udalak Euskara Mahaia sortu zuen iaz, eta Euskararen Plan Estrategiko berria abian jarri dute herriko kolektibo eta eragile anitzekin elkarlanean. Eta Euskaraldia ere aniztasunetik abiatuta bideratu nahi dutela azaldu digu Garoa Lekuona euskara hautetsiak. «Plangintza orokor bat behar dugu herritarrei begira, baina gazteei zer, kiroletan zer egin, izan ikastetxeetan edo auzoetan hasi gara lanean», aurreratu du, «herritarrek ere eragin dezakete, koadrila bat euskaraz hasiko bada, gero beste batek egingo du, eta kutsatzea lortu behar dugu».

Izan ere, euskara eta ilusioa da kutsatu nahi dutena. Ander Moron euskara teknikariak dramatismoa baztertu eta «euskararen erabilerak izan duen gainbehera» errealitate bat izanik ere, «kopuruei eta ehunekoei hainbeste begiratu gabe, benetan kontzientzian astindu bat» emateko balio dezala nahi du Euskaraldiaren 4. edizioak. Erronka nagusietako bat erabileran eragitea dela aitortzen du. «Gazte mailan esan beharrik ez dago egoera muturrekoa dela, ezagutzatik oso apartekoa da, 10etik 1ek besterik ez duelako euskaraz egiten, baina argazki gordin xamarra ematen badigu horrek, Euskaraldiak maila askotan eta adin tarte askotan eragiteko aukera emango digu», sinetsita dago.

Udaberrian euskara loratuz

Zentzu honetan, Hondarribiko Udalak kontratatu duen Euskaraldia dinamizatzeko Igor Arrietak azpimarratu duenez, «11 eguneko praktika sozial masibo bat eraman nahi da aurrera, hizkuntza-ohituren inertziak aldatzeko». Eta horretarako, laugarren edizio honen formatoak lagundu dezake, adin ezberdinetan ere eragiteko. Udaberrian ospatuko baita, eta Ahobizi eta Belarriprestak ez ezik, 16 urtez beherako gazteak Xaxatzaile gisa aktibatuz antolatu den Euskaraldiak, egoera iraultzeko gai izango delakoan daude. «Aurreko edizioetan 16 urtetik gorakoei zuzendutako ekimena izan da, eta oraingoan haur eta gazteak ere inplikatu nahi ditugu erronka honetan», argitu digu Arrietak.

Herria aktibatzen hasteko, otsailaren 4an 18:30ean, Herri Batzordea osatzeko Euskaraldiaren lehen bilera egingo dute udaletxean. Eta hondarribitar oro, eta eragile guztiak deituak dira parte hartzera. «Askotan badirudi erakundeetatik herritarrengana zuzentzen garenean etxeko lanak jarri nahi dizkiogula, baina kasu honetan hondarribiarra izatea, euskaldun eta euskaraduna izatea dela ulertzen badugu, begiak ireki eta herritarrek eragiteko aukera dutela erakutsi nahi dugu», argitu du Ander Moronek.  

Nolanahi ere, aurtengo Euskaraldia udalak herritarrekin eta eragileekin abian jarri duen Euskara Plan Estrategiko berria indartzeko tresna bat gehiago dela oroitarazi du Euskara zinegotziak. Garoa Lekuonak argitu duenez, Euskaraldia Euskara Sailaren jardunean integratuko duten egitasmoa da orain, baina «2024an martxan jarritako euskara mahaiarekin erabat lotuta dago, hasi dugun maratoi baten zati bat gehiago da, eta behin Euskaraldia pasata, euskararen erabilera aktibatzeko konpromisoarekin lanean jarraituko dugu».