Udalgintza - estitxu urtizberea

«Mendieneako akordioaz oposizioa informatu dugu, negoziazioan aldatu den gauza bakarra udalak herritarrak erdigunean jarri dituela izan da»

Koldo Nausia 2025ko ots. 28a, 10:34

Mendienea promozioaren negoziaketan «gardentasun falta» leporatu dio Hondarribiko EAJk udal gobernuari. Alkatea «zerbait ezkutatzen» ari delakoan aditzera eman ondoren, tentsio handiko udal osoko bilkura izan zen atzokoa. Estitxu Urtizberea alkateordeak hainbat ñabardura egin ditu oposizioari akordioaren berri eman zaiela argituz, eta lege zein enpresa berarekin 25 alokairu sozial lortzeko «udalak herritarren beharrak erdigunean jarri dituela» gogoratuz. 

Ostegun Gizena zen atzo, eta Musika Eskolako ikasleek Alde Zaharra girotu bazuten ere, inauteri girorik ez zen izan atzo bi orduz luzatu zen otsaileko Hondarribiko Ohiko Udal Osoko Bilkuran. Tentsio handia bizi izan zuten udalbatzakideek. Hainbat gai jorratu zituzten bertan, besteak beste Amute-Kosta eta Mendelu auzo elkarteek Balazta elkartearekin batera, Plaiaundi-Amute arteko bidegorriaren proiektua garatzeko aurkeztutako mozioa. Baina eztabaidagune nagusia, Montañenea edo Mendienea promozioan udalak Grupo Eibar promotorarekin adostu dituen 25 alokairu sozialeko etxebizitzak izan ziren. 

Albiste pozgarria beharko luke izan honakoa herrian. Tamalez, udalgintzaren joko politikoan nahaspilatu eta eztabaida piztu da. Zehazki, EAJk «gardentasun falta» leporatu diolako udal gobernuari. Akordioaren berri Abotsanitzek sareetan eman izana, eta ez alkateak berak «herritarrentzat hain garrantzitsua den albistea» dela kontutan hartuta, leporatu diote jeltzaleek gobernuari. Negoziaketa nork egin ote duen ere zalantzan jarri dute, eta informazio eskasa ikusita, alkatea «zerbait ezkutatzen» ari delakoan aditzera eman dute jeltzaleek.

Atzoko udalbatzan informazioa eskatuko zutela iragarria zuten aurretik, eta horrela egin zuten, Gonzalo "Txalo"' Carrion jeltzaleen bozeramaileak lehenik, Maria Serrano gero, eta Kalixa Silanesek amaitutakoan, Gonzalo Carrionek berriz. Eztabaida piztu zuen honek, eta Igor Enparan alkatea eta jeltzaleen bozeramailearen artean gatazka piztu zen, alkatearen arabera jeltzaleek ez dutelako udalbatzaren funtzionamendua errespetatzen. Hala eta guztiz ere, laugarren hitzartzea bukatzen utzi zuen udal gobernuak. 

Hainbat herritar hurbildu ziren atzoko udal osoko bilkura bertatik bertara jarraitzeko. 

Salaketa hauen aurrean, Estitxu Urtizberea, Hirigintza arloko ordezkari, alkateorde eta Abotsanitz udal taldeko bozeramaile den heinean hitza eskatu zuen. Baina alderdi politikoen arteko ika-mikak argitzeko baino, bereziki, Montañenea edo Mendienea promozioaren akordioari buruz argitasunak ekartzeko. Ez da egia bere ustetan, gardentasun faltarik egon denik. Hainbat bileratan EAJri eta PSE-EE udal taldeei informazioa eman zaielako Urtizberearen arabera, baita otsailaren 20ean Bozeramaileen Batzordean akordioaren baldintzen xehetasunak eman ere. 

Hain justu, 2023an EAJ gobernuan zela Grupo Eibar etxeen enpresa eraikitzailearekin adostutakoarekin alderatuta, 5 etxebizitza pribatu eta 25 alokairu sozial gehiago lortu ditu udalak orain, baita udalak jasoko duen 2 milioi euroko konpentsazio gehigarria ere. Jeltzaleek Mendienea promozioan 43 etxebizitza pribatu adostu zituen, eta udalak 3 milioi euroko konpentsazioa jasoko zuela. Diru hau, berez, etxebizitza publikoa sustatzeko politikak garatzeko bideratu. Urte eta erdiko negoziazioaren ondotik udalak lortu duen akordio berriak, aldiz,  48 etxebizitza pribatu, eta 25 alokairu sozialeko aurreikusten ditu. Eta 3 milioi euroko konpentsazioa zena, 5,1 milioi eurotara igoko da.

Pribatuen kasuan, aldez aurretik prezioa adostua zuten 22 familientzat bere horretan mantentzea ere lortu du udalak. Izan ere, promotoreak 90.000 eurotan garestitu nahi zituen hauek, alokairu soziala ere eraiki beharko duela aurreikusita. Oposizioaren salaketa guztien aurrean, Estitxu Urtizbereak argi utzi du, lege berberarekin lortutako akordioa dela, eta enpresa berarekin negoziatuta. Aldatu egin den gauza bakarra bere hitzen arabera izan da, «udalak herritarren beharrak erdigunean jarri dituela».