Kirol eremuko lurren jabe Hondarribiko herria izateko tramitazioa adostu dute EAJk eta PSOEk Madrilen

Antxeta Irratia 2025ko mar. 3a, 15:20

EAJk 2023an iragarri zuen akordioa orain adostu dute Madrilen EAJ-PSOEk, eta tramitatzen hasi orduko «hainbat urtetan geldirik egon diren proiektuak egiteko ordua» iritsi dela gogoratu dio Hondarribiko EAJk udal gobernuari. 2020tik blokatua egon da udala kirol eremuan hobekuntzak egiteko aukerarik gabe, baina jeltzaleek iragarritakoa behingoagatik aurrera badoa, hirigintzaren ikuspegitik gauza asko aldatuko dira Hondarribian. 

2023ko martxoaren 20an Aitor Esteban (garaiko EAJko parlamentaria Madrilen) Hondarribiko Hondartza futbol zelaira egindako bisitan iragarri zuen EAJ-PSOE alderdien artean «Madrilen berba eginda eta adostua» zutela kirol eremuak Hondarribiko Udalaren lagapena estatuaren partetik. «Espero dugu elkarrizketa bidez gauzak bideratzen joatea, eta espero dugu urte bukaerarako (2023) egina egotea», aditzera eman zuen orduan ordezkari jeltzaleak, «udalak egin beharreko obrak egin ahal izateko».

Bada, azkenik, joan den ostiralean iritsi da akordioa, eta Hondarribiko EAJk jakinarazi duenez, Kongresuko EAJ-PNV taldeak Pedro Sanchezen inbestidura akordioan sartzea lortu zuen konpromisoa beteko da orain. «Hondartzako kirol-instalazioetako lursailei buruzko ziurgabetasun horrek urteak daramatza mahai gainean, eta ezin izan da ez inbertsiorik ez hobekuntzarik egin, Trantsizio Ekologikoko Ministerioak blokeatu egiten baitzituen proiektuak», gogoratzen dute jeltzaleek.

Baina joan den ostiralean, Espainiako Gobernuak espediente horretan aurrera egiteko administrazio-prozedura hasi zuen, eta Hondarribiko Udala izango da izapideekin jarraituko duena. «Prozesu hori arintzeko udal gobernuarekin elkarlanean aritzeko prest gaudela berretsi nahi dugu», argitu dute jeltzaleek. Bien bitartean, udalak udalak azken urteetan bertan behera utzi behar izan dituen proiektuei berriro ekitea «funtsezkoa» dela azpimarratu du Hondarribiko EAJk, hala nola, Hondartza futbol zelaian belar aldaketa eta kiroldegiko instalazioak hobetzeko inbertsioak.

Hala ere, jeltzaleak kezka adierazi dute, «duela hilabete batzuetatik hona, kiroldegiaren kudeaketa Hondarribiko Udalera pasatzeko prozesuaren aurrerapenari buruz ez diolako oposizioari jakinarazi». Gogoratzen dutenez, 2024an hori geratuko zela agindu bazen ere, oraindik ez dute horri buruzko berririk. Nolanahi ere, Madrilen aipatutako tramitazioa abian jarrita, aurki udalak kirol eremuaren lurrak kudeatu eta obrak egiteko eskumena izango duenez, «hainbat urtetan geldirik egon diren proiektuak eta inbertsioak egiteko ordua» iritsi dela oroitarazi du Hondarribiko EAJk. 

Aspaldiko kontu zaharra

Ezin ahantzi daiteke, Abotsanitz oposizioan zegoela, 2022an talde honek proposatuta onartu egin zuela Hondarribiko udalbatzak ahobatez, estatuari zegokion eskaera egitea prozesu administratibo hori martxan jartzeko. Eta joan den uztailaren 23an bertan, Igor Enparan Hondarribiko alkateak eta Idurre Bideguren EH Bilduren Madrilgo senatariak agerraldia egin zuten Hondarribiko kirol eremuetan, 2020tik arrunt blokatua den egoera salatu eta konponbide bat eskatzeko

Lurren lagapena 1980an hasi bazen, 1995ean eta 2004 urteetan lagapen horren luzapena onartu zuen Espainiako Gobernuak, eta eremu honek eragiten dion menpekotasuna aintzat hartuta, 2011 eta 2012 urteetan ere eskaera beretsua luzatu izan zuen udalak. Baina urteak joan urteak etorri, ez da aurrerapausorik eman ahal izan orain artean. Orain Abotsanitz udal gobernuan dela, EAJk 2023ko martxoan iragarri zuen akordioa, orain ekin diote Madrildik erakundeen arteko bide ofiziala tramitatzeko bideari, kirolgunearen eremuari buruzko titulartasunaren transferentzia errealitate bilakatzeko.

Hondarribiko Udala eta espainiar estatuaren artean hitzarmen baten bitartez kudeatu izan dute historikoki eremu horren erabilera. Aldiz, 2020ean hitzarmena iraungi zenetik udala ezinean aritu da. Bertan ezin baitu inolako eskuhartzerik egin. Eta urteetan kiroldegia hobetzeko herritarrekin ez ezik, herriko kirol klubekin ere, Ondartza futbol zelaia berritzeko hartutako konpromisoak ezin izan ditu bete.

Iragarritako akordioak bere bide asministratiboa jarraituko badu, hirigintzaren ikuspegitik gauza asko aldatuko dira Hondarribian. Gaur egun Kosta Agintaritzak ukizein gisa markatuak zituen 80.000 metro koadro inguru erabilgarri bilakatzeaz gain, hainbat obra eta hobekuntza proiektu garatu ahal izango dituelako udalak. Era berean, orain osaketa prozesuan pil-pilean den (HAPO) Hirigintza Antolamendu Plan Orokorraren gainean ere, erabateko eragina izango luke honek.