Pasa den ostiralean, otsailaren 28an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Hondartza Kirol Eremuko lurrak Hondarribiko Udalaren jabetzara pasatzeko espedientearen hasiera. Abotsanitzek gogoratu du, 2010ean EAJko diputatu zen Joseba Agirretxea eta orduko alkate Aitor Kerejeta lehen aldiz prentsan agertu zirenetik 15 urte pasa behar izan direla tramiteak abiatzeko. «Ordutik ere, makina bat aldiz agertu dira besteak beste, Arantxa Tapia sailburu ohia edota Aitor Esteban diputatua ere, zegokien hauteskundeen bueltan, gaia itxita zegoela adieraziaz», dio udal gobernuan den taldea.
Atzerapenak atzerapen, «albiste garrantzitsua da hondarribiarrontzat, izan ere, honek ahalbidetuko du etorkizunean udalak esku-hartze zuzena egin ahalko duela kirol eremuaren gainean», azpimarratu du Abotsanitzek. Adibideak ere jarri dituzte, Hondarribia Futbol Elkarteak urte luzez itxaroten ari den belar naturala aldatu, artifiziala jartzeko edota garatu beharreko beste hainbat inbertsio, besteren artean. «Hemerotekan ikusi daitekeen bezala, Abotsanitzetik urteetan egin dugun aldarria da hauxe», oroitarazi dute.
Joan den astean Antxeta Irratian azaldu genuenez, Abotsanitz oposizioan zegoela, 2022an talde honek proposatuta onartu egin zuen Hondarribiko udalbatzak ahobatez, estatuari zegokion eskaera egitea prozesu administratibo hau martxan jartzeko. Eta joan den uztailaren 23an bertan, Igor Enparan Hondarribiko alkateak eta Idurre Bideguren EH Bilduren Madrilgo senatariak agerraldia egin zuten Hondarribiko kirol eremuetan, 2020tik arrunt blokatua den egoera salatu eta konponbide bat eskatzeko.
Horiek hala, eta aurrekariak ikusita, joan den astean Hondarribiko EAJk iragarri zuen tramitazioa albiste pozgarria bada ere, «tentuz jokatzeko» deia luzatu dio Abotsanitzek EAJ Hondarribiari. Zehazki "Hondarribia, dueña de los suelos de la zona deportiva, gracias al acuerdo del PNV y del PSOE" aipatu dutela ikusirik, «oraindik eremua udalaren eskuetan ez dagoela, eta hilabete luzez itxaron beharko dela hori gauzatzeko» oroitarazi dute. Eta denen intereseko gaia den heinean, zintzotasunez jokatzeko eskatu die Abotsanitzek EAJ eta PSEri. «Guztiok gaude zain ea noiz gauzatuko den lur horien jabetzaren transferentzia, beraz alderdikerien gainetik, prozesu honetan eduki dezaketen beste instituzioetako informazioa gardentasunez partekatu dezaten» galdegin diete.