«Herritarrei emandako hitza kostu politikoaren gainetik» jartzen du Abotsanitzek terrazen ordenantzarekin «zentzuzkoa» delako

Antxeta Irratia 2025ko mai. 28a, 12:30

EAJk udal gobernuak terrazen ordenantzan «bere egia inposatu» izana leporatu, eta PSEk erabakia atzeratzea eskatu badu ere, maiatzaren 29ko udal osoko bilkurara eramango dute hasierako onarpena. Abotsanitzek «zentzuzkoa» dela dio, eta oposizio taldeengandik jasotako «deslegitimazio eta desgaste kanpainaren aurrean», urtero 190.000 bisitari hartzen dituen hiri batean, bizilagunen eta ostalarien interesak babesteko «hauteskundetan hitz emandako araudia garatzeko ausartak» izan direla azpimarratu dute.

Maiatzaren 29an, ostegun honetan eramango du Hondarribiko udal gobernuak terrazen ordenantzaren hasierako onarpena osoko bilkurara. Hondarribiko PSE-EE udal taldeak uda iragan arte atzeratzea eskatu du, tarte horretan «elkarrizketarako espazio bat irekitzeko eta araudi adostu, orekatu eta udalerriaren errealitatera egokitua bermatuko duten gutxieneko akordioak lortzeko». 

Oposizioko taldeek deitoratu dute, ez haiekin, ezta inplikatutako eragileekin eta ostalaritzarekin sektoreko elkarteekin «inolako negoziaziorik ez» egin izana deitoratzen dute sozialistek. EAJ udal taldeak ere, dokumentazioa jasotzen denetik batzordea egiten den arte bermatu behar den 48 orduko epea ez dela errespetatua izan salatu zuen joan den astean. Jeltzaleek «ustez prozesu parte hartzaileak defendatzen baditu ere, beren egia inposatzeko» erabiltzea leporatu diote Abotsanitzi.

Egindako prozesua

Honako salaketak gezurtatu zituen joan den astean jada Abotsanitzek. Urtarrilean hasi zuten prozesua herritarrei iritzia eskatuz. Ostalariekin, mugikortasun arazoak dituzten pertsonekin, bizilagunekin eta udaleko teknikariekin aritu baita udala lanean, eta horietako bakoitzarekin Jostaldi pilotalekuan entzute saioak burutu zituztela gogoratu du. Era berean, 2025eko martxoaren 26an kolektibo horiekin lehen zirriborroaren aurkezpena egin zuten, eta bi saio hauetatik gatazkatsuenak ziren arloak identifikatuta, hirugarren topaketa bat burutu zen hauek lantzeko. «Kolektibo guztiak elkarrekin aritu ziren lanean eta oso aberasgarria izan zen» azaldu dute. 

Egindako prozesua kontuan hartuta, «hau inposaketa bada, Jainkoak ikus dezala» dio Abotsanitzek. Ohar berean aditzera eman dute, terrazak arautzea ezinbestekoa dela herrian. Abotsanitzek azaldu du, duela 10 urte, aurreko gobernuak zirriborro bat proposatu zuenean, terrazen ordenantza garatzeak «suposa lezakeen kostu politikoarengatik kaxoi batean gordetzea erabaki» zuela. Baina Abotsanitzek herriari emandako hitza beteko duela diote: «Ausartak gara eta 2023ko hauteskunde-kanpainan agindutakoa beteko dugu, herritarrak hala eskatuta». 

Terrazen linbo juridikoa Hondarribian

Alde horretatik, «norbaitek errealitatea ukatuko badu ere, mundu guztiak daki garai batean baimenak ahoz ematen zirela, indibidualki, baliozko dokumenturik gabe», dio Abotsanitzek bere ohar horretan, eta ordenantza honen helburuetako bat ostalaritzak dituen «terrazak juridikoki blindatzea eta legezkotasun linbotik ateratzea» dela nabarmendu du. Aldi berean, herritarrak zaintzeko ordenantza dela gogoratu dute, ordenantza honen helburu nagusia «bizikidetza arazo bati erantzuna ematea bait da, sektorearen eta herritarren arteko oreka bilatzen duena».

Izan ere, Euskal Herriko herri turistikoenetako bat da Hondarribia, eta urtero batez beste 190.000 bisitari hartzen dituen hiri batek terrazen ordenantza integralik ez edukitzea «sinesgaitza» dela dio udal gobernuko talde nagusiak. Hortaz, «zentzuzkoa» da haien ustetan, eta oposizio taldeen partetik jasotako «deslegitimazio eta desgaste kanpainaren aurrean» 30 urtetan martxan jarri ez den araudiarekin aurrera jarraitzeko adorea adierazi du Abotsanitzek. «Lehenengoak izango gara hauxe garatzen, eta hala eta guztiz ere, pentsatzen dugu berandu gabiltzala», adierazi dute. Izan ere, Donostia, Zarautz edo Getarian duela urte batzuk indarrean zeuden ordenantzak eguneratu eta dagoeneko bigarren edo hirugarren araudia plantan emanak dituztela gogoratu du Abotsanitzek.

Alegazioak egiteko aukera

Eztabaida guztien gainetik, «ordenantza ez dela dokumentu itxi bat, eta oraindik ere aldaketak txertatu daitezkeela» argitu dute. Ostegun honetan hasierako onarpena osoko bilkurara eramango bada ere, alegazioak aurkezteko epea urriaren erdialdera arte luzatuko baitu udal gobernuak. Abotsanitzek gaur plazaratutako oharrean azpimarratu du, alde horretatik, dokumentuaren hasierako onarpena eta gero, legeak ezartzen du gutxienez 15 egun egon beharko duela erakusketa publikoan, baina prozesua luzatu nahi izan dutela «edozeinek denbora nahiko izan dezan alegazioak egiteko». Hurrengo estekan aurkitu daiteke informazio gehiago