Ekainaren 20an aireportuko E30 autobus zuzena jarriko dute martxan berriz ere

Antxeta Irratia 2025ko eka. 2a, 13:41

Iazko esperientzia baikorki baloratzen dute agintariek, eta Donostiatik Hondarribiko aireportura E30 autobus konexio zuzena ekainaren 20tik irailaren 30era bitartean jarriko dute martxan berriz. Turismoa jasangarria izan dadin, eta aireportuak denen eskura jartzeko helburuarekin, Lurraldebuseko zerbitzuak indartu egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiatik Hondarribiko zein Loiuko aireportuetara.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzuak zabalduko ditu uda honetan, Bilboko eta Hondarribiko aireportuekin «azkar, eroso eta modu jasangarrian» konektatzeko. Azahara Dominguez diputatuak azaldu duenez, ekainaren 20tik (ostirala) irailaren 30era bitartean, Loiura konexioak zabalduko dituzte Donostiatik ordu erdiro 4:30etik 21:30era, eta Hondarribiko aireportuaren eta Donostiako erdigunearen arteko linea zuzenari ekingo dio berriro. 

Joan den udan abian jarri zuten Hondarribiko aireportua eta Donostiaren arteko E30 Lurraldebus linea zuzen berriari. Zerbitzu honekin 2023ko udan E21 linearen erabiltzaileek pairatu behar izan zituzten eragozpenak errepika ez zitezen bilatzen zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horrela, zerbitzu zuzen honi esker, E21 (Aireportua-Hondarribia-Donostia) aireportura sartzeari uzten dio. Iazko esperientzia baikorki baloratu dute agintariek. Alde horretatik, Hondarribiko Udalak linea horretan Foru Aldundiarekin elkarlanean jarraituko zuela iragarri zuen joan den urrian. Kontuan hartu behar baita, joan den ekainetik irailera 110.000 pertsonak baino gehiagok erabili zituztela aireportuetarako zerbitzu bereziak. 

Linea honek E30 izena du eta bere geltoki bakarrak Gipuzkoako hiriburuko autobus geltokia eta Hondarribiko terminala izango dira. Donostiatik 7:05, 8:05, 9:05, 10:05, 11:05, 12:05, 15:50, 16:50, 17:50, 18:50 eta 19:50etan irtengo da, eta aireportutik, berriz, 7:35, 8:35, 9:35, 10:35, 11:35, 12:35, 16:20, 17:20, 18:20, 19:20 eta 20:20etan.