Hondarribiarrentzat etorkizun ezberdin bat irudikatu du gobernuak HAPO berrian

Koldo Nausia 2025ko eka. 6a, 14:24

2040 urteko Hondarribia marraztuko duen HAPOari hasierako onespena eman nahi dio udal gobernuak ekainaren 19ko udal osoko bilkuran. 70. hamarkadatik «lehen eta bigarren mailako hondarribiarrak segregatzen eta heren bat herritik kanporatzen zituen etxebizitza politika eraldatu» nahi dute, 900 etxebizitza publikoko parkea eraikiz. Etxebizitza Legea muturreraino eramango dute, «Hondarribian bizi ahal izatea ahalbidetzeko» batetik, eta Zubieta eta Zaldunbordan jarduera ekonomiko jasangarriak sustatzeko, «lanpostu berriak behar direlako, baina ez edozein preziotan».

Hondarribiko Hirigintza Antolamendu Plan Orokorra (HAPO) lantzerako garaian udal gobernuak «zuhurtzia politiko handiz» baina «ausardiaz» jokatu duela azpimarratu du Igor Enparan alkateak. Abotsanitz eta EH Bildu taldeetako gobernukideek agintaldi honetan 2040 urtera begirako Hondarribiko etorkizuna baldintzatuko duen dokumentuaren nondik norakoak azaltzeko agerraldia egin dute gaur udaletxeko areto nagusian. Alkateak aitortu duenez, «ez da hutsetik egin nahiko genukeen dokumentua, baina herrian dagoen etxebizitza larrialdiari lehenbailehen erantzun behar zaio». Hala ere, ardura politikotik eta udal gobernu taldeak dituen helburuak eta irizpideak jarraituz, «datozen 15 urteetan hiri-eredua aldatzeko egin beharreko egokitzapenak» egin dituztela argitu du. 

Izan ere, Abotsanitz gobernuan sartu zenean, ardurak «gauzak aldatzeko» hartu zituztela gogoratu du Enparanek, eta alde horretatik, «lehen eta bigarren mailako hondarribiarrik egon ez dadila, eta nahi duenak Hondarribian bizi ahal izatea ahalbidetzeko helburuarekin» landutako HAPOa dela nabarmendu du. Bere ustez, 1970. hamarkadaz geroztik gertatu ez den bezala. Udalak egindako azterketen arabera, gaur 30-45 urte artean dituzten hondarribiarren %31 herritik kanpora joan baita bizitzera. Eta belaunaldiz-belaunaldi errepikatu den errealitatea dela dio alkateak, hein handi batean eraman den etxebizitza politikaren ondorioz. 

Ekainaren 19an udalbatzan hasierako onespena emateko aurkeztu duten HAPO dokumentuak, hain justu, egoera hori iraultzeko helburu du nagusiki. «1.500 etxebizitza berri eraikitzea ahalbidetuko du, eta horietatik gutxienez 900 maila bateko edo besteko babes publikoa izango dute», argitu du, «formula ezberdin eta anitzak bilatuko ditugu, kooperatiben figura ere sartuz lehen aldiz, Hondarribiko Udalak alokairu sozialera bideratzeko udal jabetzako etxebizitza parke ahalik eta handiena kudeatu ahal izateko».

Etxebizitza eredua giltzarri

Estitxu Urtizberea Hirigintza ordezkariak, etxebizitza publiko hori guztia kudeatzeko Etxebizitza Bulego bat sortzeko asmoa iragarri du. Eta eraikiko diren bizitoki kopuruetatik haratago, etxebizitza politika aldaketa batek, herriaren trinkotasuna eta galtzen ari den nortasuna babesteko tresna dela azpimarratu du. «HAPOak zer eraikiko den non, eta noiz zehazten du», dio Urtizbereak, «baina asmo politikoa eta herritarrek egindako alegazioen %40 inguruk izan duen joerarekin bat egingo du ere». Egindako saio parte-hartzaileetan bereziki herritarrek «orain arte poblazioa segregatzen eta herritik kanporatzen zuen etxebizitza politikarekin» kezkaturik azaldu dela argitu du udal ordezkariak, alegazio kopuru handi batek Basako eremuari lotuak izan direla kontuan hartuta. 

Izan ere, Higer itsasargirako errepidean kokatuta, Alaiak eta Goizut pareko lursailean, 240 etxe libre aurreikusten zituen aurreko HAPOak. Etxebizitza Legea aplikatuta, bertan eraiki beharreko babes publikoko etxeen truke udalak diru bat jaso behar zuen transferentzia gisa. «Ahalmen ekonomiko altukoentzat etxeak ziren, eta herritar askoren alegazioen kezkak etxebizitza ereduaz, inpaktu paisajistikoaz eta mugikortasun ereduaz kezkak izan dira», argitu du Hirigintza ordezkariak. Kokalekua dela eta, trafiko handia zekarrelako herriaren muturreraino. Hau guztia kontuan hartuta, HAPO berrituan «Basako desklasifikatu eta ez urbanizagarri izendatzea» erabaki dute. Horrek, aldiz, eraiki beharreko etxebizitzak herriko beste eremu batzuetara behartu ditu. 

Larrialdi habitazionalari erantzun nahian, hainbat eremu aktibatuko ditu udalak HAPOa onartzen bada. Eta Etxebizitza Legeak ahalbidetzen duen heinean, etxebizitza publikoari lehentasuna eman nahi izan diote, udalak jaso ditzakeen transferentzien gainetik. Hau da, %75 babes publikokoak, eta %25 merkatu librekoak. 

Hartara Montañenea eta Kubo Madalena eremuetan hainbat aldaketa sustatu dituzte. Montañenearen kasuan (Jaizkibel kanpalekua eta Garbigunearen artean), eraiki behar ziren 45 libreen ordez, 84 eraikiko dituzte. Horietatik %30 libreak izango dira, heren bat babestua, eta beste herena prezio kontzertatuan. 2018az geroztik promotoreak hainbat familia erosleekin adostutako salneurria errespetatzea adostu baita. Bestalde, Kubo Madalena/Labreder ekimenari esker, 30 etxebizitza eraikiak eskuratuko ditu Hondarribiko Udalak alokairu sozialera bideratu ahal izateko. Hauek Labrederren jasoko ditu, Kubo Madalena eremuan 34 pribatu egingo ziren lekuan, orain 36 pribatu eraikitzea baimentzearen truke.

Hortaz gain, Jabier Ugarte kalean “Euskaraz Kapen” murala dagoen orubean, BAZ aurrean, erdi-soto, behe solairu, gehi hiru solairu izango dituen eraikin bat lortuko du udalak, azpiegitura dotazionaletara bideratuta. Bertan, adibidez, udalak Herritarren Arreta Zerbitzua kokatu dezakeela diote. Proiektuak etxeak eraikitzea baino gehiago izango dela iragarri du Igor Enparan alkateak. Izan ere, Alde Zaharrerako sarrera hori kale estu bat izatetik, irisgarria izango den plaza bilakatu nahi du udalak, eta gune historikora igotzeko bigarren igogailua ere bertan kokatuko dute. Bertan gainera indusketa arkeologikoak aurreikusten dira, garai batean Polborinarekin egin izan zen bezala. 

Hala ere, etxebizitza larrialdiari berehalako erantzun nagusia, Etxanikenea eremuan emango du HAPO berriak. Estitxu Urtizbereak argitu duenez, Labrederren atzealdea eta hilerriaren parean dagoen orube handi horretan 345 etxebizitza eraikiko baitituzte. Lehengo HAPOan 250 aurreikusten ziren bitartean, oraingoan gainera hau «lehenbailehen eraikitzen hasi ahal izateko» ez da Plan Partzialik beharko, HAPO dokumentuan xehetasun handiz zehaztu delako. 

Bestalde, Karmeldarrak eremuan ere 242 etxebizitza berri aurreikusten dituzte, lehengo planean 182 publiko zirenean. Eraikigarritasuna handitu egingo dute, %25 libre ahalbidetzeko, baina ororen %50 babestuak eta %25 tasatuak izango dira bertan. Azkenik, HAPOak dakarren aldaketa nagusien artean, Tudelenea-Botika eremua dago. Etxebizitza publikoaren lehen eskuhartzea izatea aurreikusten zen aurreko dokumentuan 309 etxebizitzarekin. Orain aldiz, azken promozio edo fasea izango da, eta 422 etxebizitza jasoko ditu. Horietatik %75 babestuak. Aipatutako promozio zerrenda honetaz gain, herriko beste hainbat eremutan 300 etxebizitza gehiago aurreikusten ditu HAPOak; Amuteko Sorondoenea eremuan adibidez.

Hondarribian lan eta bizi

Baina hirigintza planak ez ditu soilik etxebizitzak non eta nola eraiki ahalko diren zehazten. Mugikortasuna, ondare gune babestuak, naturaguneak eta beste hainbat lurren zehaztapena egiten duen bezalaxe, jarduera ekonomikoetarako eremuak ere markatzen ditu. Alde horretatik, Garoa Lekuona arloko zinegotziak argitu du, Eusko Jaurlaritzak erabakitzen dituela jarduera ekonomikoetarako lurrak zeintzuk diren. Eta horretan ez da aurreko HAPOarekin aldaketa handirik. Zubietako Parke Teknologikoko (25 bat hektarea) eta Zaldunborda-Gainako 57.489 metro koadro. «Herrian lan egin ahal izateko lanpostu berriak behar ditugu, baina ez edozein preziotan», argitu du Lekuonak. 

Hortaz, Hondarribiko Udalak arlo honetan ere, legea muturreraino estutuko duela iragarri du. «Zaldunbordan ez da MakroOutletik egingo», argitu du EH Bilduko zinegotziak, «orain Saltoki Handien Legea dago, eta lehen 40.000 metro koadroko gune komertziala baimentzen zen bitartean, orain gehienez ere 15.000 izango dira, eta jarduera singularra behar du izan». Altzari, auto-kontzesionario eta halako komertzio handiak behar dute izan. Hala ere, legeak azalera horretatik 8.000 metro koadro udalak bere gain hartzea, eta proiektua garatzea ahalbidetzen duela argitu du ere. 

Era berean, azken hamarkadatan Jaitzubia eta Zubieta inguruko hainbat baserrien Damoklesen ezpata izan den Parke Teknologikoari dagokionez, «aldaketa nabarmena onartzea» lortu dutela iragarri du Garoa Lekuonak. «Herriko balio handiko berdegunea dela kontuan hartuta, lehen sektoreari lotutako berrikuntzarako Parke Teknologiko izan dadila proposatu dugu, eta halakorik ez dagoenez, begi onez ikusi da», dio. Hortaz, Enplegu Berdea eta elikadura burujabetzaren erronkari bultzada emateko berrikuntza zentro bat izango da.