Etxebizitza larrialdia

Estitxu Urtizberea: «Bertakoak herrian bizi ahal izatea gizarte kohesiorako kapitala da, tamalez, belaunaldi oso bat galdu dugu Hondarribian»

Koldo Nausia 2025ko api. 30a, 13:34

Biztanle errolda bere horretan mantentzen bada ere, urtero 700 lagun inguruk herria uzten dutela identifikatu du udalak, eta «horrek esan nahi du ahalmen ekonomiko altuagoa duten pertsona helduek ordezkatzen dituztela herriko gazte horiek». Udalak "Hondarribia Bizitzeko" jardunaldia antolatu du Itsas Etxean, ostiralean, 17:30etik aurrera, etxebizitza larrialdiaz hausnartu eta alternatibak bilatzeko asmoz. Estitxu Urtizberea, Hirigintza ordezkariarekin hitz egin dugu bizitegi-eredu eta herriko etxebizitza arazoaz. 

Etxebizitza larrialdiari buru egiteko lanean ari da Hondarribiko Udala. Udal gobernuak agintaldi honetan "Hondarribia Bizitzeko" herria bilakatzeko emandako hitza bete nahian, azken hilabeteetan herriko Mendienea eta Madalen Kuboko promozioetan, 50etik gora etxebizitza publiko eskuratuko ditu udalak hitzarmenak alokairu sozialera bideratu daitekeen guztia maximizatzeko birnegoziatu ondoren. Baina herritarrek pairatzen duten arazoa arindu badezake ere, gehiago eta berria eraikitzeak ez du etxebizitza arazoa desagerraraziko Hondarribian, eta larritasunak estutzen jarraituko ditu herritar asko.

Horren jakitun da Estitxu Urtizberea, Hirigintza ordezkaria. Eta hiri-eredua baldintzatuko duen HAPOaren lanketa nahiko aurreratua dagoen honetan, etxebizitza larrialdiaren aurrean alternatibak bilatzen tematu da. Oraingo honetan, Hirigintza eta Kultura arloek antolatuta, "Hondarribia Bizitzeko" jardunaldia ondu dute asteburu honetan Itsas Etxean. Estitxu Urtizbereak nabarmendu duenez, herritarren «mentalitatean iraultza» bilatzeko etxebizitza alternatiba posibleez hausnartzeko hainbat aditu gonbidatu dituzte ostiralean 17:30etatik aurrera. Hiru mahai inguru antolatu dituzte, debatea eragiteko asmoz. Larunbatean, aldiz, 20:00etan (15 eurotan) Biznaga, Adur eta Dolerme taldeen kontzertuekin borobilduko dute ekimena, Itsas Etxean bertan. 

Etxebizitza herritarren beharretara egokitu

Urtizberearen ustetan, herrian errotuta dagoen etxebizitza jabetza pribatuaren kulturarekin apurtu beharra dago. «Etxebizitza ezin daiteke izan patrikaren arabera, pribatua ala soziala, herritarren beharrean araberako alternatiba habitazionalak irudikatu behar ditugu, behar horiei erantzuteko», dio. Izan ere, etxe bat eskuratzeko zailtasun ekonomikoak dituzten gazteak ez ezik, etxebizitza politikak beste behar batzuei ere erantzun behar die. «Alde Zaharra eta Portua auzoetan adineko pertsona askoren laguntza eskaerak jasotzen ditugu udalean, irisgarritasun aldetik ezin dutelako etxetik atera, adibidez», kontatu digu.

Ildo horretan, gazteek etxe duin bat eskuratu ezinik dabiltzan bitartean, adineko pertsona askori beren betiko etxea handi geratu ohi zaiela ohartu dira, eta beraz, Usurbilen aurrera eraman duten Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa bezalakoak ere alternatiba bat eskaini dezakete, batzuen eta besteen etxebizitza beharrak egokitzeaz gain, zaintza ereduan ere eragin dezaketenak. Etxebizitza kooperatibarena dira Hondarribian ohikoa ez den eta garatu daitekeen beste bizitegi-proiektu eredu bat ere. Hirigintza ordezkariaren arabera, Euskal Herriko beste udalerri batzuetan aurrera eraman diren adibideak baditugu, eta "Hondarribia Bizitzeko" jardunaldian horiek ezagutu eta hausnartzeko aukera eman nahi dute adituen eskutik.

Udalaren eskumena eta ardura

Udal batek etxebizitzaren alorrean bere mugak dauzkala gogoratu du Urtizbereak, «baina HAPO onartuko denean, honek etxebizitza kopurua zehaztuko badu ere, zein hiri eta bizitegi eredua garatu nahi dugun, denon kontua da», azpimarratu du, herritarrei jardunaldian parte hartzeko deia luzatuz. Zubia izango denez, saioa grabatu egingo dute, interesa duen orok ondoren ikusi eta entzun dezan.

Interes orokorrekoa dela dio udal ordezkariak, izan ere, etxebizitza duin bat eskuratzeko zailtasunen aurrean «belaunaldi oso bat galtzen ari da Hondarribia». Azaldu digunez, biztanle kopurua bere horretan mantentzen bada ere, udal errolda aztertuz gero, urtero 700 lagun inguruk herria uzten dute, eta «horrek esan nahi du ahalmen ekonomiko altuagoa duten pertsona helduek ordezkatzen dituztela herriko gazte horiek». Horrek eragin demografiko eta soziologiko handia du herrian, eta Urtizbereak dioenez, «bertako seme-alabak herrian geratu ahal izatea gizarte kohesioa eta herri nortasuna mantentzeko iruditzen zaigu kapitala dela». Udal gobernua bilakaera horrekin arduratuta dago, eta herritarrak erdigunean jartzen dituen udal batek alternatiba guztiak esploratu behar dituela dio, bere herrian bizi nahi duenak, horretarako aukera izan dezan.