Hondarribian ostalaritzako terrazekin azken urteetan emandako desmasiak konpondu eta arautu nahian, udal gobernuak Terrazen Udal Ordenantza berria landu eta urtarrila-otsailean eramandako bilera erronda eta 'Terrazak, Topaguneak' lelopean egindako prozesu parte-hartzailearen ondotik, zirriborroa idatzi eta joan den maiatzaren 29ko osoko bilkuran behin-behineko onarpena egitea lortu zuen. Hala ere, udal arau berria aplikatu bitarteko bost faseetako hirugarren urratsean dago oraindik.
Orain hasierako onarpeneko dokumentua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dutela, Hondarribiko Udalak oroitarazi du hau kontsultatu eta jendaurrean jartzeko epea urriaren 15era arte zabaldu berri dutela. Informazio guztia hemen sakatuz jarri dute herritarren eskura. Ondoren alegazioak ebatzi eta behin betiko onartuko dute udal ordenantza berria, gerora aplikatu ahal izateko.
Terrazak linbo juridikotik ateratzeko helburua
Udal gobernuak oroitarazi duenez, «herritarren eta ostalaritzaren artean espazio publikoaren erabileran oreka bilatu» nahi izan du herriko aurreneko ordenantza garatuz. Izan ere, orain artean Alde Zaharrean baizik ez zegoen ostalaritzaren kaleko espazioak arautzen zituen halakorik, eta herri osoan elkartzeko gune garrantzitsuak direla kontuan hartuta, «irisgarritasuna, hiri-paisaia babestea, larrialdi baten aurrean anbulantzia eta zerbitzu publikoen funtzionamendua ez oztopatzea, eta bereziki, segurtasun juridikoa bermatzea» izan dute helburuen artean. Izan ere, ostalaritzaren sektorearen terrazak arautzea, debekuetatik harago, «ostalari guztiek eskubide eta betebehar berdinak» dituztela segurtasuna ekartzea dela uste du Estitxu Urtizberea Hirigintza ordezkariak.
Oposizioko taldeen partetik kritika zorrotzak jaso dituen udal ordenantza berria ezinbestekotzat jotzen du Abotsanitz udal taldeak. Eta joan den maiatzean udalbatzan dokumentua behin-behinekoan onartu aurretik «urtero 190.000 bisitari hartzen dituen hiri batean, bizilagunen eta ostalarien interesak babesteko hauteskundetan hitzemandako araudia garatzeko ausartak» izan direla azpimarratu zuten. Alde horretatik, «norbaitek errealitatea ukatuko badu ere, mundu guztiak daki garai batean baimenak ahoz ematen zirela, indibidualki, baliozko dokumenturik gabe», dio Abotsanitzek, eta ordenantza honen helburuetako bat ostalaritzak dituen «terrazak juridikoki blindatzea eta legezkotasun linbotik ateratzea» dela nabarmendu du. Aldi berean, herritarrak zaintzeko ordenantza dela gogoratu dute, «bizikidetza arazo bati erantzuna ematea, sektorearen eta herritarren arteko oreka bilatzen duena».
Orain arteko egoerak ez ziren udal gobernuaren ustez onargarriak, eta diotenez, herritarren eskaerari erantzunez landu dute terrazen ordenantza berria. Joan den otsailean gaiari buruz Antxeta Irratian egindako elkarrizketa sakonean Estitxu Urtizberea Hirigintza ordezkariak azaldu zuenez, arau ezak arazoak sortu izan dituela herrian, baita udalari kudeaketa mailan ere. «Udalak nekez kudeatu dezake hau udal ordenantza argi bat plantan eman gabe. Eta «ostalarien “harek egin dik ba!” ez du balio, terrazak arautu behar ditugu, ostalari askok ez dakitelako zergatik kobratzen zaien, edo zer egin dezaketen eta zer ez», zioen alkateordeak.