Bideoak

«Hondarribia polita eta Bidasoan etorkinekin gertatzen den tragedia kontrajarri ditut kamisetan»

Antxeta Irratia 2025ko uzt. 11a, 16:00

Astea bete du “Eraman Zurekin Hondarribiko Artea” erakusketak Maddalen arte garaikiderako gunean. 14 artistak turismoaren, herrian bizitzearen eta gai sozialen arteko hausnarketa artistikoak egin dituzte, kamisetak oihal.

Udaberrian ireki zutenetik hirugarren erakusketa du Hondarribiko arte garaikiderako erakustoki berriak. Herriko sortzaileen arteko sinergiak sustatzeko dinamikan sendo, hamalau artistaren lan hausnartzaileak dira uda sasoi osoan ikusgai izanen direnak. Kontent mintzatu dira parte hartzaileak, esperimentaziorako eta elkar ezagutzarako gune bat izatea ongi etorria baita haientzat.

Teknika, estiloa, gaia eta hausnarketa libreak izan badira, denek kamisetak hartu dituzte oihal eta oinarri. Udan dendetan saltzen diren oroigarrien antzera, uda sasoiari buruzko hausnarketak ere soinean janzterik baita. Hala, batzuek serigrafiaren alde egin badute, bertze batzuek zuzenean kamisetan egin dituzte diseinu edo marrazkiak, eta Saioa Aialak paper clay teknika baliatuz buztinean murgildu eta testura aldatu dio kamisetari.

Artista eta herritar gisa, udaren eta turistifikazioaren inguruan sortzeko proposamena pozarren hartu dutela adierazi dute sortzaileek, baita Maddalen gunearen irekiera ere.