Asteburu honetan “Auzoa kultura da!” ekimenaren baitan ospatuko diren ekitaldiak direla eta, hondarribiarrak Portua eta Alde Zaharreko txoko askotan ibiltzeaz gain, bisitari asko espero du herriak. Hau dela eta, Hondarribiko Udalak jaietarako prestatutako indarkeria matxisten aurkako kanpaina aktibatuko du ostiral eta larunbat honetan, uztailak 11 eta 12. Argitu dutenez, eraso matxisten aurkako aurrez-aurreko Puntu Morea antolatzeaz gain, Telefono Morea ere aktibatuko dute. Gipuzkoa Plazan 20:00etatik 23:00etara herritar ororen eskura egongo da Puntu Morea, eta telefono bidezko arreta 688 718 797 telefonoan emango dute 24 ordutan.
Udaleko Gizarte Ongizate eta Berdintasun arloetatik ozen adierazi nahi izan dute «Hondarribian ez dugula inolako eraso matxista edota arrazistarik onartuko». Alde horretatik, denontzat seguruak eta gozagarriak izango diren espazio eta kultur ekitaldien alde egitea guztion ardura dela oroitarazi du udalak.