Auzoa Kultura Da: herritarren kultura gosea elikatzeko jaialdia antolatu dute Hondarribiko txoko guztietan

Koldo Nausia 2025ko uzt. 10a, 09:24

HK, Auzoa Kultura Da! jaialdiak kalitatezko musika, kale-antzerki, dantza, txotxongilo, zinema eta zirkua herritarren eskura jarriko du hiru egunez Hondarribiko txoko guztietan. Asteburuan zehar Eñaut Elorrieta, Olaia Inziarte, Verde Prato edo Izaki Gardenak bezalako musikari ezagunekin batera, Psilocybe elkartetik sortutako Naica taldea ariko da ostegun honetan, 22:00etan Erreginaren Baluarteko kuboan. Aurretik, Berdinki Zirkusek irekiko du jaialdia Kasino Zaharrean (18:00etan) "Leinu" kale ikuskizunarekin.

 

Iaz Hondarribia Kultura ekimena ospatu zuen Hondarribiko herriak, Ruper Ordorika, Idoia Asurmendi edota Ines Osinagaren kontzertuekin. «Agenda soil bat baino gehiago» zela iragarri zuten orduan udal agintariek. Izan ere, udako sasoi bete betean, baina urte osoko hausnarketa baten emaitza izan zen. Ortzi Alonso, Kultura eta Herri Nortasunerako hautetsiak azaldu duenez, «epe luzerako kulturaren aldeko apostua modu kolektiboan egin nahi du udalak, herriko eragileekin eta sortzaileekin partekatuz, herria saretzen duten auzoak kultur jardunaz elikatzen, eta herritarra erdigunean jarriz». 

Ideia horri segida emango diote gaurdanik larunbata bitartean, iaz baino egun bat gehiagorekin, HK, Auzoa Kultura Da! izeneko jaialdiarekin. Herriko auzo eta txoko guzietan goi mailako euskal artisten emanaldiak gozatu, eta bertakoei plaza bat eskainiko diete. Izan ere, Eñaut Elorrieta, Olaia Inziarte, Verde Prato edo Izaki Gardenak bezalako musikari ezagunekin batera, Psilocybe elkartetik sortutako Naica taldea ariko da ostegun honetan bertan, 22:00etan Erreginaren Baluarteko kuboan. Aurretik, Berdinki Zirkusen "Leinu" kale ikuskizunak irekiko du jaialdia, 18:00etan, Kasino Zaharrean. Eta tartean, 20:00etan, "Carmen y Lola" kale zinema emanaldia proposatuko dute, ateak ireki berri dituen Polborinaren terrazan.

Musika, kale-antzerki, dantza, txotxongilo, zinema eta zirkua... diziplina anitz bilduko dituen jaialdia dela nabarmen du du Ortzi Alonsok. Eta Hondarribiko Portua zein Alde Zaharreko plaza eta txoko ezberdinak baliatuko dituzte, «ondarea eta kultura uztartzeko, eta formatu txiki edo hurbileko emanaldiak antolatzeko leku goxoak direlako». Hartara, Gipuzkoa plaza, Baluartea, Kasino Zaharra, Arma Plaza eta Polborineko terrazan, hiru egunez eta hitzordu batetik bestera, denak jarraitu ahal izateko ordutegiak sekuentziatuz antolatu dute programa. 

Iazko Hondarribia Kultura ekimenean, Ines Osinagaren kontzertua Erreginaren Baluarteko kuboan. 

Ortzi Alonso, Kultura zinegotziak azaldu digunez, udalaren helburua da, ohikoa den Itsas Etxeaz haratago, «zirkuito bat osatzea, kultura eta euskal ekoizpenak auzoetara eraman eta kultura deszentralizatzea». Eta aldi berean, herritarrei kalitatezko kultura eskaintzea ere. Alde horretatik, Hondarribiko Udalak bertako artisten eta sormenaren aldeko apostua egin duela azpimarratu du Ortzi Alonsok, Maddalena edo Polborina bezalako espazio berriak sortuz, Hondarribia Kultura Sormen beka berriak sustatuz, eta jaialdi honekin ere, garai batean Hondarribian helburu turustikoagoekin antolatzen ziren blues edo jazz festibalen aldean, bertakoei zuzendutako agenda bat onduz.

Programazio osoa hemen kontsultatu daiteke.