Alardean emakumearen parte hartzean urratsa egiteko «ausartak eta eskuzabalak» izateko unea dela dio Abotsanitzek

Koldo Nausia 2025ko uzt. 18a, 12:15

Irailaren 8ko zurrunbiloan murgildu aurretik, Abotsanitzek Hondarribiko Alardeari buruzko hausnarketa «zentzuz eta soseguz» herritarrekin partekatu berri du. «Herria eta tradizioa bizirik mantentzeko» ezberdinen arteko harremanak sendotzea ezinbestekotzat jotzen du, printzipio batetan oinarrituz: «bakarka azkarrago joan gaitezke, baina elkarrekin urrunago goaz». Alde horretatik, «Alardeari etorkizun oparoa bermatzeko denok beharrezkoak garela» diote, eta «garaiko gizartea islatzen duen erritua» denez, «herritar guztien eskubideak eta aukerak bermatuko dituen Alarde herrikoi baten» antolaketari begira, elkarlana eskatu du.

Azken bi urteetan udal gobernuan izandako esperientziak, «Alardeak bizi duen bilakaera eta honen inguruan sorrarazi diren aldarrikapen eta bizipenetatik gehiago sakontzeko aukera» eman diela azpimarratu du Abotsanitzek bere azken oharrean. Alde horretatik, azken hamarkadetan Hondarribian oro har «interes orokorraren gainetik interes pribatuak lehenetsi» direla uste du gobernuan den talde politiko nagusia. Horren irudiko jartzen ditu, «hiriaren diseinua eta izaera eraldatu duten interes urbanistiko eta ekonomikoak».

Aldaketa bizi horretan, herriari nortasuna eman izan dioten ofizioak desagertuz joan direla, eta biztanleriaren emendatzeak belaunaldien arteko haria eten egin duelakoan dago Abotsanitz. «Kaleko harremanak hoztu eta bizilagunak ginen lekuan arrotzak bihurtu gara, handia zen zerbaiten parte izateari utzi izan bagenio bezala», diote.

Horrenbestez, «herria bizirik mantentzeko» auzo eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanak zabaldu eta sendotzea ezinbestekotzat jotzen dute, printzipio batetan oinarrituz: «bakarka azkarrago joan gaitezke, baina elkarrekin urrunago goaz».

Alardearen auzian asmatzea

Irizpide berarekin lanean ari direla nabarmendu du Abotsanitzek Alardearen auzian ere. Igor Enparanek alkate gisa bizi izan zuen aurreneko irailaren 8an azpimarratu zuen jada, «Alardeari konponbidea emateko, herria adiskidetu beharra» zegoela. Alde horretatik, Abotsanitzek dio herriak bizi izan duen identitate galera horren aurrean, Alardearen auzian ere hondarribiarrek ez dutela bidean asmatu. «Emakumeen parte hartzea bideratu eta komunitatea indartu beharrean gure arteko zatiketarekin erantzun dugu urte luzeetan», aitortzen du, eta ezinegona desagertu ez denez, frogatutzat ematen dute «zatiketaren estrategia ez dela bidea».

Alardea «babestu beharreko ondarea» dela aldarrikatzen du Abotsanitzek. Hiru kontzeptu zehatzetan oinarritzen den ondarea: tradizioa, gizarte kohesioa eta memoria kolektiboa. «Baina kultura eta tradizioa babestea ez dago garaietara egokitzearekin kontrajarria», argitu dute, eta denboraren poderioz berrikuntzak tradizio bilakatzen direla gogoratu dute, Alardeak ere mende luzez garai berrietara egokitzen jakin izan duela nabarmenduz. «Alardeak mende luzez iraun badu, egoera eta behar desberdinei erantzuten jakin izan diolako da eta ez, modu hertsian mantendu delako», argitu du Abotsanitzek plazaratutako hausnarketan. Ildo horretatik, «Alardea ez da ideia bat, ez da pentsamolde bat; erritu bat da, garaiko gizartea islatzen duen erritua», eta emakumearen parte hartzeak Alardea aberastuko duelakoan daudenez, «gizarte bezala aurrerapauso bat eman dugunaren seinalea izango da».

Iazko irailaren 8an, Hondarribiko Udalak Jaizkibel konpainiari konpainia gisa desfilatzeko aitortutako eskubidearen ondotik Gernikako Arbolan gertaturikoak, herritar, soldadu eta tropen artean «egonezina eta tristura» sorrarazi zuela dio Abotsanitzek. Baina «ausartak eta eskuzabalak» izateko mementoa dela aldarrikatzen du, eta herriko ondare nagusia pertsonak direla sinetsita dagoenez, «emakumeak eta gizonak, konpainia bakoitza, kide eta soldadu bakoitza garrantzitsuak garenez, inongo beldurrik gabe bidea egiteko» beharra ikusten du. 

Hartara, «Alardeari etorkizun oparoa bermatzeko denok beharrezkoak garela» dio Abotsanitzek. Eta beraz, antolaketari begira Hondarribiko Udala eta Alardearen gainontzeko eragile guztiak elkarrekin jardun beharra dagoela. «Alardeak batzen gaitu. Alardea sendia da; adiskidetasuna, oroimena, auzoa, ondarea, tradizioa, ospakizuna, berdintasuna, kohesioa. Alardea herria da», diote. Hortaz, «tradizioa bizirik mantendu eta herritar guztien eskubideak eta aukerak bermatuko dituen Alarde herrikoi baten alde» lan egiten jarraitzeko asmoa adierazi dute.