Jaizkibel mendiko ordenantza berria abuztuaren lehenetik indarrean izanen da

Aimar Lopez 2025ko uzt. 23a, 12:24

Ibilgailuen joan-etorriak mendian eginbeharren bat dutenengana bakarrik mugatzea helburu du ordenantza berriak. Jaizkibelen azaleraren %71 interes bereziko eremua da, eta Natura 2000 sarearen baitan babestua da.

Ekaineko Udaleko osoko bilkuran behin-betiko onarpena jaso ondoren, heldu den hilabete hasieran jarriko da martxan Jaizkibel mendiko ordenantza berria. Uda betean, bisitarien eta gaua naturaz inguraturik pasa nahi dutenen ibilgailuen joan-etorriak mugatzea du helburu araudi berriak.

Garoa Lekuona Ingurumen hautetsiak maiatzean eman zuen Antxeta Irratian ordenantzaren edukien berri, eta larritasunez azaldu zuen gaua Jaizkibeleko pisten inguruan pasatzera doazenen afera: «Mendiko txoko askotan topa daitezke autokarabanak, eta mendia Colon pasealekua dirudi askotan».

Ordenantza berriak, baina, ez die sarbidea mugatuko Jaizkibelen jabetzak dituztenen autoei, laborariei, ehiztariei, basogintzan eta antzekoetan dabiltzanei, ezta ehiztari eta arrantzaleei ere ez. Adierazi dutenez, ordenantza abuztuarekin batera iritsiko bada ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak uda sasoiarekin batera hainbat debeku kartel jarri zituen pista mugatuen sarreretan.