Hondarribiko Maddalen Arte Garaikiderako Guneak udaberrian ateak zabaldu zituenetik herriko hainbat sortzaileren erakusketa kolektibo jaso ditu. Urriaren 10etik aurrera, aldiz, espazio honek bere lehenbiziko proposamen indibiduala hartuko du Sandra Cuesta Aizkorbe artistaren eskutik.
Berez, hainbat egun daramatza bertan "LIQUID GOGO" izeneko obran lanean. Izan ere, erakusketa baino, erresidentzia artistiko bat da, eta Maddalen espazioa sorkuntzarako laborategi gisa erabili ahal izatearekin pozik dago Sandra Cuesta. «Normalean sortzaileak gure txokoan aritzen gara lanean, gure tailerrean bakardadean eta ez digu inork ikusten, eta Hondarribiko Udalak proposamena luzatu zidanean aukera paregabea iruditu zitzaidan», dio artista hondarribiarrak, «sorkuntza lana kaleratzeko beharra dugulako batetik, eta bestetik, bi hilabetez lantokiaren espazioa aldatzeak, herrian bertan gainera, obrari zerbait ekar diezaiokeelako».
Zentzu horretan, bere azken sorkuntza bidasotarrei aurkezteko hiru topaketa antolatu ditu hiru ostiral jarraian: urriaren 10ean, 17an eta 24an, 19:00etatik 21:00etara. Kasu honetan espazio txikia da (40 metro koadro) eta formula hau egokia iruditu zitzaiola dio, astetik astera herritarrekin partekatu ondoren obra bera garatu eta aldatu daitekeela kontuan hartuta. «Oraingoz ostiral honetan argi dut, bideoak erakutsiko ditudala eta ni bertan egongo naiz dispositiboa aktibatzen, partitura moduko bat daukat, soinu, argi, bideo eta espazioan dauden objektuekin jarraipen bat emateko», iragarri du.
Diziplina anitzeko artista
Eskarmentu handiko artista da Cuesta, polifazetikoa eta arte diziplina ugarietatik edan duena. Izan ere, Arte Ederrak ikasi zituen EHUn, 1999an Erasmus beka bat lortu zuen Boloniako (Italia) Arte Ederren Akademian ikasketak egiteko. Bere ibilbidean denetarik egin du, Consonnik eta Bilboko Institutu Frantsesak 1998an antolatutako "Quelque chose" performanceari buruzko topaketan parte hartu zuen. Eta urteotan guztiotan Donostiako Koldo Mitxelena, Tabakalera, Azkuna Zentroa edota Lisboako MIMAPen aurkeztu izan ditu edo garatu bere lanak, besteak beste.
Alde horretatik, eskulturgilea bada ere, dantzan ere, Release teknikan eta antzerkian prestakuntza handia du, eta Artelekun hainbat koreografia ikastaro jarri zituen martxan. Horrek guztiak bere lanetan eragin bat duela pentsatzen du Cuestak, «mugimendua, musika eta espazioari lotuta dagoelako, baina gauza batek bestera eraman ninduen konturatu gabe», aitortzen du. Nolanahi ere, eskultura malguak lantzen dituela azpimarratzen du, ikuspegi zabalenean. «Eskultura bolumena den heinean, espazioa lantzen dut, dantza garaikidean formakuntza dudanez gorputza erabiltzen dut, soinua ere espazioan kokatuz, jendeak eskultura material finko eta gogor batetan pentsatzen du, aldiz, nik oihalekin azal ugari dituen eskultura bigunak sortu ditut», azaltzen du.
Malgutasun horretan, "LIQUID GOGO" obraren izenburuak ere hori iradokitzen duela argitzen du. «Arraroa da izenburu batean pentsatzea lanean hasi baino lehen, baina horrela egin dut aurreneko aldiz», dio Sandra Cuestak, «modu likido batean pentsatzen ari naiz, estruktura bigun batekin, eta gero gogo euskaraz, eta ingelesez "go go" ekimena edo aurrera egiteko bultzada da, eta gogo dantzari bat da ere, plataforma batean mugitzen dena, eta eskultura klasiko batekin egingo genukeen bezala, hau inguratu eta ikusi dezakegu ikuspuntu ezberdinetatik».
Arte likidoa, mugimenduan
Hortaz, likidoak bezala, «ez da estruktura definitu bat, non hasten den eta nola egokitzen den ez dago argi», eta beraz, Maddalen espazioan egindako instalazioa eta topaketetan aurkeztuko duen obra ere, egokitzen edo aldatzen joan daiteke saio batetik bestera.
Zentzu horretan, eta malgutasunaren ideian sakonduz, oihala ez ezik, argia, bideoa eta musika bezalako baliabideak erabiltzen ditu espazioa eta denboraren itzulinguruan hausnarketara gonbidatzeko. Eta hori da, kulturgune handietara jo gabe, herrian bertan bilatu nahi duena: «Jendeak artea ez ulertzeko beldurra galdu dezan nahi dut, dena xehatua eta ondo esplikatuta, errazegi jasotzeko ohituak gaude gizarte honetan, eta kontrakoa behar dugula aldarrikatzen dut», dio obra bisitatzera nornahi pasa daitekeela gogoratuz, «artean hezi baino, ohitura hartzea da kontua, lehenengo aldian agian ez duzu ezer ulertuko, baina grina bat sortu dezake, kuriositatea, eta ez ulertzearen beldurrik gabe sartu eta hausnartuta, hor gauzak gertatzen direlako», azaldu digu. Hurrengo hiru ostiraletan dugu horretarako aukera, 19:00etatik 21:00etara Maddalen espaziora bisita egin eta ondorioak atera.