Irailaren 8an jasotako babesarekin hunkituta daude Jaizkibeleko kideak, baina haien azken batzarraren ondotik, alarde egunetik hilabetera konpainia parekideak plazaratu berri duen balorazioan, Alardea antolatzen duen HAOSE elkartearen jarduna legitimatzea egotzi die erakunde publikoei. «Sentimenduak ez daude eskubideen gainetik. Aurtengo irailaren 8an, legeak ez betetzeko bermea eman diete HAOSEkoei, bai manifestazio baimena emanez, bai haien desfileari harrera eginez» leporatu die Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Hondarribiko Udalari.
Batetik Alarde egunean bertan Igor Enparan alkateak dekretua «erdizka bete» zela esan zuelako goizeko desfilea amaitu berritan. Behin jaiak amaitutakoan, aldiz, «argi-ilunak» egon zirela aitortuta udalak «kaleetan bizikidetzaren alde emandako pausuak» goraipatu zituen. Adierazpen hauek «sinestezinak» iruditu zaizkio Jaizkibeli. Izan ere, HAOSEko kantinera eta zaldun gutxi batzuk agertu ziren goizeko 7:00ak aldera Gernikako Arbolan, eta hori alkateak aditzera eman duen «elkartzeko keinua» denik ukatzen du konpainia parekideak.
Are gehiago, Jaizkibelek gogora ekarri du aurten irailaren 7an udalbatzak Arma Plazan herriari aurreskua dantzatzen dion ekitaldian parte hartu zuela konpainia parekideak lehen aldiz ofizialki, beraien parte-hartzea zela eta, hain justu, konpainia baztertzaileak planto egin ziola udal korporazioari, eta ekitaldi ofiziala amaitutakoan baizik ez zuten plaza okupatu haien ekimena euren kasa ospatzeko. «Espazioei eta batasun guneei uko egitea ez da tentsioa arintzea, hautsa alfonbraren azpian gordetzeak etxea garbitzen ez duen moduan», gaineratu du Jaizkibel konpainiak.
Bestalde, alarde egunean espazio publikoaren erabilera arautzeko alkate dekretuaren arabera, desfileen aurretik Gernikako Arbolan bat egin behar zuten Jaizkibelek eta konpainia baztertzaileek. Guztion Alardea ekimenetik bigarren urtez egindako deialdiarekin bat egin zuten konpainia ezberdinetako 40 partaide inguru besterik ez ziren presente izan, HAOSEko buruzagiek agindutakoari buru eginez. Izan ere, alkateak izenpetutako dekretua ez betetzeko asmoz, HAOSEk dekretuari errekurtsoa aurkeztu zion epaitegian lehenik, eta epaileak hau atzera bota ondoren, Alarde egunean, Gernikako Arbolan beharrean, beste lau tokitan elkartzeko eta manifestazio gisa abiatzeko baimena eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari.
Hala ere, irailaren 7ko ekitaldian parte hartzeko aukera izatea txalotu du Jaizkibelek, eta «halako espazio gehiagotan egoteko borondatea» iragartzearekin batera, hiru hamarkada luze bete dituen Alardearen auziari aterabidea aurkitzeko premiari erantzuteko, «konponbiderako orria berriz ere marrazteko» lanean jarriko dela iragarri du konpainia parekideak.
Zentzu horretan, «elkarbizitzaren garaia amaitzen ari dela eta eskubideen garaia» hasteko estrategia landu beharra dagoela ulertzen du Jaizkibel konpainiak. Paradigma aldaketa horretarako, «herri honetan jai parekideak nahi ditugunen artean estrategia partekatuak diseinatu» eta eragileekin hitz egiten jarraitzeko prest dago Jaizkibel.