Beko Errota aldamenean 2,5 hektareako padura eremua berreskuratu dute

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 19a

Jaitzubiko paduran itsas-mareak bere onera itzuli eta uholde arriskuak saihesteko esku-hartzea amaitu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Beko Errota aldamenean 2,5 hektareako eremu bat garbitu eta naturalizatu dute, lezoiak kenduz eta bertako landare espezieak landatuz. Apo lasterkariarentzat putzuak ere egin dituzte biodibertsitatearen aldeko ekintza honetan.

Jaitzubiko padura hegazti migratzaileentzat gune estrategikoa ez ezik, mehatxatutako flora eta faunaren babesleku eta balio ekologiko handieneko hezeguneetako bat da Euskadin. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Jaizubian duela 30 urte hasitako paduraren berreskuratze lanak amaitutzat eman ditu. Joan den udaberrian Natura 2000 Sareko 2,5 hektareako padura gune bat lehengoratze lanak hasi zituzten, Beko Errota jatetxearen alboan dagoena. Zabor garbiketa eta landare inbaditzaileen ezabatzeko lanekin batera, lezoiak eta egitura artifizialak kenduz, uholdeen aurrean itsas-mareen dinamika naturala berrezartzeko. Azken esku-hartze honetarako 785.000 euroko inbertsioa egin du aldundiak. 

Agintarien arabera, 2,5 hektareako eremua irabazi du itsasoak orain, eta hori aurrerapauso bat da Mendelun eta Jaitzubian daude uholde arazoak ikusita. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Igor Enparan Hondarribiko alkateak bertara egindako bisitan azaldu dutenez, hasierako helburuak betetzeaz gain, biodibertsitatea babesteko harago joan da proiektua. «Hainbat putzu sortu dira, apo lasterkariaren habitata ere areagotuz», argitu du Eider Mendozak.

Alde horretatik, bertako flora eta fauna berreskuratzeko, lurra mugitu eta gizakiak sortutako lurrak eraitsi egin dituzte. Landare inbaditzaileak ezabatu eta bertako espezieak landatu dituzte, besteak beste tamarindoak, intsusak, haritzak eta elorri zuriak.

Lan hauek amaituta, Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du San Pablo padura berreskuratzea eta garbitzea izango dela hurrengo erronka. Mendozak azaldu duenez, natura kontserbaziorako LIFE hezeguneen programara aurkeztu zuten proiektua, eta 1,4 milioi euroko partida bat jasotzea espero du aldundiak. Diru partida horrekin padura inguratzen duen lezoia ezabatuko dute, itsasoaren mareak oztopatzen dituelako.